Gizartea -
Ezbehar larria Nafarroan
18 urteko neska bat hil da Ablitasen, eta gidaria atxilotu dute
Gainera, bi pertsona zauritu dira, eta Tuterako Reina Sofia Ospitalera eraman dituzte. Foruzaingoak istripua eragin duen gidaria atxilotu du, arduragabekeriazko homizidioagatik eta alkoholemia proba egiteari uko egiteagatik; gainera, ez du gidabaimenik.
Agentziak | EiTB Media
18 urteko neska gazte bat hil da gaur goizaldean Ablitasen izandako zirkulazio-istripu batean. Auto bat bidetik atera da eta istripua izan du. Foruzaingoak gidaria atxilotu du, arduragabekeriazko homizidioa leporatuta; gainera, ez du gidabaimenik eta alkoholemia proba egiteari uko egin dio. Hildakoa Tuterakoa da.
Foruzaingoak jakitera eman duenez, istripua 05:30ean gertatu da, NA-3042 errepideko 12. kilometroan.
Lau pertsona zihoazen ibilgailuan, eta horietako bat hil egin da eta beste bi Tuterako Reina Sofia Ospitalera eraman dituzte.
Foruzaingoaren Tuterako Bide Segurtasuneko taldeak artatu du istripua, eta atestatua ireki du gertatutakoa argitzeko. Suhiltzaileek bertaratu behar izan dute.