Gizartea -

KORONABIRUSA

Koska bat egin dute behera kutsatzeek Nafarroan, 335eraino

Bigarren egunez egin dute behera positiboek, zortzi egunez goranzko joeran izan ostean. Bezperan baino 156 kasu gutxiago eta ostegunean baino 287 gutxiago dira atzo zenbatutako kasuak.

Baheketa Lesakan, joan den ostiralean. Argazkia: Iker Beroiz
Baheketa Lesakan, joan den ostiralean. Argazkia: Iker Beroiz
Baheketa Lesakan, joan den ostiralean. Argazkia: Iker Beroiz

Olatz Prat | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Positiboek arnas eman dute Nafarroan, 335 kasu izan baitira larunbat honetan, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Ostiralean baino 156 kasu gutxiago izan dira (491 izan ziren orduan) eta ostegunean baino 287 gutxiago (622 kasu). Hala, bigarren egunera egin dute kutsatzeek behera, zortzi egunez etengabe gora egin ondoren.

Duela astebete 335 kasu izan ziren, eta duela 14 egun, berriz, 355.

Osasunbideak 2.502 proba diagnostiko egin zituen atzo, eta positibotasun tasa % 13,4koa izan zen.

Zonaldeei dagokionez, Arrotxapea izan da kutsatze gehien izan dituen gunea, 22. Mendillorrin 17 erregistratu dituzte, Milagrosan 16, Burlatan 13, Sarrigurenen eta San Juanen 12 eta Zizur Nagusian eta Barañainen 11.

Zortzi pertsona ospitaleratu zituzten larunbatean, horietako bat ere ez ZIUn. Beraz, gaur 54 pertsona daude ospitaleratuta, horietako hamabi ZIUn. Azken 24 orduetan ez da inor hil.

Asteazkenetik aurrera etxeratzeko agindua ezarriko dute muturreko arriskuan dauden udalerrietan

Maria Chivite Nafarroako presidenteak datorren astetik aurrera Foru Erkidegoan indarrean sartuko diren neurriak aurreratu ditu aste honetan, covid-19 pandemiaren bilakaera ikusita: muturreko arriskuan dauden udalerrietan etxeratzeko agindua 01:00etatik 06:00etara; bilerak 10 pertsonara mugatuko dituzte kanpoaldean, eta herri bazkariak, kalejirak eta kaleko zezen-festak bertan behera geratuko dira.

Muturreko arriskuan dauden udalerrien zerrenda asteartean argitaratuko dutela erantsi dute, etxeratzeko agindua non aplikatuko den zehazteko.

Koronabirus kasuak atzemateko orduan "Nafarroa buruan" dela azpimarratu du Chivitek: "Kasuak bilatzen baldin badituzu, azkenean aurkituko dituzu". "Autobusetan baheketa egin duen erkidegorik ez dut ikusi", gogorarazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Lodosa Tafalla Etxarri Aranatz Albisteak Osasun albisteak Lizarra Altsasu Corella Azkoien Barañain Cintruénigo Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea