Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroako Gobernua epaileen oniritziaren zain, etxeratzeko agindua ezartzeko

Positibotasun-tasa altua duten udalerrietan, neurria aste honetan ezar liteke, epaileek ontzat ematen badituzte Chiviteren Gobernuak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari igorri dizkion neurriak.

Iruña. Artxiboko argazkia: EFE
Iruña. Artxiboko argazkia: EFE
Iruña. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak epaileen oniritzia eskatu du muturreko arriskuan dauden udalerrietan etxeratzeko agindua ezartzeko, azken egunetan positiboen kopuruak gora egin ostean, asteburu honetan datuek zertxobait behera egin duten arren.

Etxeratzeko agindua aste honetan bertan ezar liteke, epaileek ontzat ematen badituzte Maria Chiviteren Gobernuak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari helarazi dizkion neurri murriztaileak.

Ostiralean, covid-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko asmoz Foru Erkidegoan ezarri nahi dituzten neurriak aurreratu zituen Nafarroako presidenteak.

Guztira, hiru izango dira asteazken honetan indarrean sartuko diren neurriak: muturreko arriskuan dauden udalerrietan etxeratzeko agindua izango da 01:00etik 06:00etara; gehienez ere 10 pertsonako taldeak onartuko dituzte kanpoaldean, eta herri bazkariak, kalejirak eta kaleko zezen-festak bertan behera geratuko dira. Neurri murriztaile horiek gutxienez uztailaren 29ra arte egongo dira indarrean.

Ildo horretatik, Santos Indurain Osasun kontseilariaren arabera, etxeratzeko agindua "Nafarroako udalerrien ia % 80n" sartuko litzateke indarrean. Nolanahi ere, muturreko arriskua duten udalerrien zerrenda argitaratuko da, etxeratzeko agindua non aplikatuko den zehazteko.

Indurainen hitzetan, neurriak "gutxienekoak eta ezinbestekoak" dira, pandemiari aurrea hartzeko eta positiboen kopurua murrizteko. "Bizitza sozial, ekonomiko eta emozionalean eraginik txikiena izateko esku-hartze kirurgikoa bilatzen dugu", adierazi zuen kontseilariak prentsaurrekoan.

Gainera, batez ere lehen arretan nabaritzen ari dira positiboen gorakada eta intzidentzia handia. Kontseilariak azaldu zuenez, kasu berrien % 90 delta aldaerarekin kutsatu dira; izan ere, "askoz ere kutsakorragoa da".

Ostalaritzari dagokionez, "oraingoz" ez da murrizketa gehiago egongo. Neurri horien helburua "transmisioa geldiaraztea da, hainbesteko positibotasun-tasa altua ez baita onargarria".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Osasunbidea Nafarroako Auzitegi Nagusia gaur