Gizartea -
Dima eta Donostia
Guardia Zibilak bi droga laborategi desegin ditu Bizkaian eta Gipuzkoan, “Espainiako garrantzitsuenak”
Guztira, 6 pertsona atxilotu dituzte; horietako lau kartzelan sartu dituzte, eta beste bat ikertzen ari dira. Konfiskatutako drogaren balioa bi milioi eta erdi eurokoa da.
I. R. | EITB Media
Guardia Zibilak bi droga laborategi handi desegin zituen joan den astean Euskadin. Jakinarazi dutenez, sei pertsona atxilotu dituzte, eta beste bat ikertzen ari dira; guztiei "speed" eta beste estupefaziente batzuk egitea eta banatzea egotzi diete. Halaber, bi milioi eta erditik gorako balioa duen droga konfiskatu dute.
Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak, droga-trafikoaren aurkako operazioen berri eman du gaur Bilbon. Azaldu duenez, "Gasteizko eta Bizkaiko Guardia Zibilak hilabete batzuk zeramatzaten Konposatu-Estacha Operazioa garatzen, Dimako droga-laborategi bat desegin nahian. Horretan, Guardia Zibileko agenteek uste zuten Bilboko narkotrafikatzaile bat zebilela droga egiten, ondoren hori Euskadin banatzeko".
Itxasok zehaztu duenaren arabera, gainera, polizia-lanek "egiaztatzea" lortu zuten bilbotarrak Gipuzkoako beste pertsona batekin harreman pertsonala zuela, eta, horri lotuta, Elurra Operazioa sortu zuten. Horrekin, bigarren pertsona hori atxilotu zuten.
Bigarren operazio horren baitan, Guardia Zibilak estupefazienteak ekoizten eta espainiar Estatu osoan zehar banatzen zituen talde antolatu bat ikertzeari ekin zion, aldi berean.
Taldea lau lagunek osatzen zutela egiaztatu zuten, Donostiako Altza auzoan zegoela, eta "bakoitzak bere rola" zuela antolaketan, Itxasok azpimarratu duenez.
Horietako bat substantziaren sukaldari-kimikoa zen: speed-olioa "speed" bihurtzen zuen, jasotako kopurua nabarmen biderkatuz, mozteko substantziak erabilita. Beste bat laborategiaren segurtasunaz eta beharrezko substantziak lortzeaz arduratzen zen. Hirugarren batek banatzen eta merkaturatzen zuen egindako droga. Azkenik, laugarrenak, garraiolariak, Espainiako Estatuko lurralde guztietara zabaltzen zuen merkantzia.
Laborategia etxebizitza batean zegoen, eta, miaketan, atzemandako drogaz gain, hura egiteko beharrezko material eta tresna guztiak aurkitu zituzten.
Desartikulazio horrekin, Denis Itxasok nabarmendu du 56 kilo "speed", 10 kilo haxix, 2,76 kilo kokaina 20 kilo anfetamina, 25 kilo metanfetamina-olio, 7,3 kilo mozketetarako substantzia, 1 kilo kokaina arrosa, 720 gramo ketamina, 291 gramo LSD, 470 gramo kokaina pasta, 2 kilo marihuana, polen, eta beste substantzia batzuk atzeman dituztela. Konfiskatutako droga horren balioa bi milioi eta erdi eurotik gorakoa da.
Sei atxilotuak Donostiako 2 zenbakiko Instrukzio Epaitegiaren, Iruñeko 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegiaren, Durangoko 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegiaren eta Bilboko 8 zenbakiko Instrukzio Epaitegiaren esku utzi dituzte. Horietan, agintari judizialek horietako lau espetxeratzea agindu dute, eta bi aske geratu dira, neurriekin. Atxilotuetako baten bikotekidea ere ikertzen ari dira, gertakariekin zerikusia duelakoan. Ikerketek aurrera jarraitzen dute.