Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia ezarriko dute ostiral honetan Euskadin, baso-suteak izateko arriskuagatik
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) abisu horia indarrean dago ostegun honetan, tenperatura oso altuengatik. Nafarroan, berriz, alerta laranja ezarri dute gaur eta bihar, tenperatura altuengatik.
Agentziak | EITB Media
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du ostiral honetarako Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) baso-suteak izateko arriskuagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Hala, hasieran ostegun honetako 24:00ak arte indarrean egongo zen abisua luzatu dute.
Gaur, baso-suteen arriskua handia da trantsizio-eremuan eta Ebroko ardatzean, tenperatura altuak, hezetasun erlatibo baxua eta hegoaldeko haizea direla eta.
Halaber, Euskadi abisu horian dago ostegun honetan tenperatura oso altuengatik, 15:00etatik 20:00etara, eta tenperatura maximoak 36 ºC-koak izan daitezke trantsizio-eremuan eta 37 ºC-koak Ebroko Ardatzean.
Ostiraleko abisu horia 00:00etatik 18:00etara egongo da indarrean. Denbora-tarte horretan, baso-suteen arriskua handia da trantsizio-eremuan eta Ebroko ardatzean, tenperatura altuengatik, hezetasun erlatibo baxuagatik eta hegoaldeko haizeagatik.
Alerta laranja Nafarroan, tenperatura altuengatik
Bestalde, Estatuko Meteorologia Agentziak (Aemet) alerta laranja ezarri du gaur eta bihar Nafarroan tenperatura altuengatik. Dena dela, gaur baino tenperatura baxuagoak espero dira biharko Nafarroako zenbait udalerritan, eta, ondorioz, alerta laranjaren ordez abisu horia ezarriko dute toki horietan.
Agentziak adierazi duenez, gaur 13:00etatik 22:00etara Pirinioen ingurua 36 ºC-ra irits daiteke, beraz, alerta horian dago, eta abisu laranja ezarri du erkidegoaren erdialderako (39 ºC espero dira) eta Ebroko Erriberarako (40 ºC izan daitezke, baita 42 ºC ere).
Biharko, Aemetek alerta laranja mantenduko du Ebroko Erriberan, 40 ºC horiek errepikatu baitaitezke, eta maila horira jaitsiko da erdialdea, 38 ºC-ra arte. Gainera, abisu horia mantenduko du Pirinioetan, 35 ºC-ko maximoekin.