Publizitatea
Itxi

2021/07/23

18:48

Gizartea

Inaugurazio ekitaldia

Tokio 2020: Hasi dira Olinpiar Jokorik ezohikoenak

Agentziak | EITB Media

Inaugurazio ekitaldiak ia lau orduko iraupena izan du. Harmailak hutsik egon dira eta kanpoak ehunka manifestari bildu dira Jokoen aurka protesta egiteko. Tokioko Olinpiar Jokoak urtebete baino gehiagoko atzerapenarekin ospatuko dira pandemiaren eraginez.

1:59
Naomi Osaka
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Abian dira Tokioko Olinpiar Jokoak. Inaugurazio ekitaldia ateak itxita egin dute eta kanpoaldean ehunka manifestari izan dira protesta egiteko. Naomi Osaka tenislariak piztu du su olinpiarra.

Tokioko Jokoak iaz egin behar ziren, baina pandemiaren eraginez atzeratu egin zituzten eta azken unera arte izan dira bertan behera utziko zituztenaren zurrumurruak. Antolakuntzan hainbat gorabeherarekin, baina, azkenean, martxan dira.

Inaugurazio ekitaldiak ia lau orduko iraupena izan du. Prebentzio neurriak tarteko, harmailetan ez da ikuslerik izan eta estadioan isiltasuna nagusi izan denean, kanpoko manifestarien oihuak nabarmen entzun ahal izan dira. Osasun larrialdi egoera honetan Jokoak ospatu behar ez zirela uste dute. Protestak duela zenbait aste abiatu zituzten. Ez omen dira jendetsuak, baina sarritan ateratzen dira kalera.

Ekitaldian arte eszeniko japoniar tradizionalak eta garaikideak uztartu dituzte, Japoniako garai eta lurralde ezberdinei keinuak eginez. Pandemiak eragin duen bakardadea eta isolamendua irudikatu dute.

Halaber, 1964ko Tokioko Jokoak ekarri dituzte gogora, orduko kirolariek landatutako zuhaitzekin egindako olinpiar eraztun erraldoiak erakutsiz.

Horrez gain, kirolariak desfilatzen ari zirenean bideo-joko japoniar ezagunenen soinu bandak jarri dituzte bozgorailuetan. 2.000 drone inguru aireratu dituzte Olinpiar Jokoetako ikurra irudikatzeko, bost kontinenteetako musikari ezberdinek 'Imagine' kantua abesten zuten bitartean. Agian, hori izan da inaugurazio ekitaldiko unerik bereziena.

Kirolaren ordua

Kirolariek musukoa jantzita eta segurtasun tartea mantenduz egin dute ohiko desfilea. Alabaina, salbuespenak ere izan dira, Kirgizistan bezalako herrialde batzuetako atletak maskara gabe atera dira. Isuna jarriko dietela ohartarazi dute.

Lehendabiziko aldiz, eta berdintasuna bermatze aldera, bi banderadun izan dira talde bakoitzeko: emakumekoz bat eta gizonezko bat. Guztira, 5.700 kirolari eta 207 komite olinpiar aurkeztu dira. Desfilea ohia baino sinpleagoa izan da.

Naomi Osaka tenislari japoniarra arduratu da su olinpiarra pizteaz. Su-ontzi olinpiarra ikusgarria da: eguzkian inspiratutako metalezko egitura bat da eta lore baten antzera ireki da sua pizterakoan.   

Horrela abiatu dira inoizko Olinpiar Jokorik ezohikoenak Japonian, pandemiaren eraginez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;