Gizartea -
Indarkeria matxista
Elkarretaratzea deitu dute Bergaran, Gijongo sexu-erasoa gaitzesteko
Astelehen honetan egingo dute protesta, San Martin Agirre plazan. Martxanterak talde feministak deitu du elkarretaratzea, eta Udalak ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
A. O. | EITB Media
Bergarako (Gipuzkoa) Martxanterak talde feministak elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako, uztailak 26, Gijonen (Asturias) bi emakumek jasandako sexu-erasoa gaitzesteko; izan ere, horietako bat bergararra da.
Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean, protesta Bergarako San Martin Agirre plazan izango da, 19:00etan. Ildo horretatik, Udalak ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Espainiako Poliziak 20 eta 30 urte bitarteko lau gizon atxilotu zituen larunbatean Gijonen, 22 eta 23 urteko bi emakumeri sexu-erasoa egitea egotzita (horietako bat euskal herritarra da, bergararra).
Testuinguru horretan, Bergarako Udalean ordezkaritza duten talde politikoek adierazpen instituzionala sinatu dute azken "eraso matxista irmo gaitzesteko". Udalak erasoen aurkako protokoloa aktibatu du, babesa adierazi die Bergarako emakumeari eta haren familiari, eta haren beharrei erantzuteko konpromisoa hartu du, hala nahi izanez gero.
"Horrelako gertakarien jatorria da gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza, emakumeak mendean eta kontrolpean eduki nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Horregatik guztiagatik, berriro ere, berdintasunaren aldarrikapena azpimarratzen du Bergarako Udalak", nabarmendu dute sexu-erasoa gaitzesteko adierazpenean.
Halaber, gogorarazi duenez, "emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko errespetua, baita sexu-askatasunarekiko eta pertsonaren osotasun fisikoarekiko errespetua ere, eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik Bergaran bezala Euskal Herrian. Bidegabeak eta sumingarriak dira".
Bergarako Udalak pertsonen berdintasunean oinarritutako gizartea lortzeko duen konpromisoari lotuta, edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia egin die herritarrei, eta, aurrekoaren ondorioz, inolako tolerantziarik ez agertzera gonbidatzen ditu.
"Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta horien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean. Eta guztiok argi izan: bai bakarrik da bai", azpimarratu du.
Bergarako Udalak bere egin ditu eraso horiek gaitzesteko ekintzak, eta horietan parte hartzeko deia egin die Bergarako herritar guztiei.