Gizartea -

Sua Katalunian

Sute batek 1.657 hektarea baino gehiago kiskali ditu Tarragonan

Santa Coloma de Queralten, sutearen % 90ean perimetroa jartzea lortu dute suhiltzaileek. Sant Marti de Tousen eta Santa Maria de Mirallesen, itxialdia altxatu dute, euriaren laguntzarekin egoera egonkortzeko itxaropenaz.

Helikopteroa sua itzaltzeko lanean, Tarragonan (Katalunia). Argazkia: EFE
Helikopteroa sua itzaltzeko lanean, Tarragonan (Katalunia). Argazkia: EFE
Helikopteroa sua itzaltzeko lanean, Tarragonan (Katalunia). Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santa Coloma de Queralten (Tarragona), sutearen % 90ean perimetroa jartzea lortu dute suhiltzaileek. Larunbatean 1.657 hektarea baino gehiago erre zituen suak. Sant Marti de Tousen eta Santa Maria de Mirallesen, itxialdia altxatu dute, euriaren laguntzarekin gaur egoera egonkortzeko itxaropenaz.

Basozainen arabera, 1.657 hektarea behin-behineko balantzea da, horietatik 1.272 basoak ziren, 380 laborantza-lursailak eta 5 hiri-lurrak, eta beste 1.218 natura babesgune baten parte ziren.

Joan Ignasi Elena Barne kontseilariak eta David Borrell suhiltzaileen buruzagiak azaldu dutenez, larrialdi zerbitzuen kezka nagusia su buruaren eskuineko zein ezkerreko aldeak dira; oraindik ezin izan dituztelako egonkortu, baita bigarren mailako fokuak ere.

Borrellen esanetan, euriarekin eta aireko baliabideekin astelehen honetan sutea egonkortzea espero dute suhiltzaileek. Elena kontseilariak bezalaxe, arduraz jokatzea exijitu du Borrellek, eta sutera ez hurbiltzeko eskatu die herritarrei.

Euripean egindako adierazpenetan, langile publikoak egiten ari diren lan handia azpimarratu du Elenak, batez ere Generalitateko suhiltzaileek eta UMEko soldaduen lan "itzela". Euria suaren aurkako borrokan aliatua bilakatu da.

"Gauzak ondo joan dira, erruz lan egin dute gauean", txalotu du kontseilariak. Hala ere, larrialdi taldeek "arretaz" jarraitzen dute sutearen bilakaera.

Goizean zonaldea busti duten prezipitazioak "oso albiste ona dira", erantsi du agintariak. "Eguraldia laguntzen ari da", ospatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Suhiltzaileak