Gizartea -

Irregulartasunak azterketetan

Osakidetzako LEParen kasuan 32 oposiziogile ikertzea eskatu du ESK sindikatuak

Sindikatuak irregulartasunak salatu eta hiru urtera ikerketa amaitzear dago. Hala, epaileak beharrezko izapideak egiteko eskatu die aldeei. Hori dela eta, ESK-k beste 34 pertsona ikertu gisa deklaratzea eskatu du, horietatik 32 oposiziogile.

Osakidetzako LPEaren azterketa bat. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Osakidetzako LPEaren azterketa bat.
Osakidetzako LPEaren azterketa bat. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako 2016-2017ko lan-eskaintza publikoan egindako azterketen ustezko filtrazioengatik kasua aztertzen ari den epaitegiari beste 34 pertsona ikertutzat jotzea eskatu du ESK sindikatuak; horietatik 32 oposiziogileak dira.

Zehazki, eskatu du hurrengoak ikertzea: anestesiologiako 4 oposiziogile, angiologiako 5, digestioko 5, traumatologiako 5, neurokirurgiako 5, neurofisiologiako 2, urologiako 3 eta kardiologiako beste 3, baita anestesiologiako eta urologiako bi epaimahaikide ere.

Oposiziogile horiek ikertutzat jotzeko eskaerak bat egiten du LAB sindikatuak kirurgia plastikoaren espezialitateko beste oposiziogile bati buruz egin zuenarekin.

Julio Sanchez sindikatuko abokatuak esan duenez, azterketen ustezko filtrazio-prozesu horretan argitu behar da oposiziogileen parte-hartze aktiboak "garrantzi penala" duen ala ez; izan ere, ez lirateke biktimak izango galderak eskatu izan balituzte edo jaso izan balituzte.

Sanchezek azaldu duenez, epaileak 32 hautagai horiek ikertutzat jotzea onartzen badu, abokatuekin joateko aukera izango lukete, lekuko gisa joango balira ez bezala.

Gaineratu duenez, 32 pertsona horiek jarri dituzte jomugan ESK sindikatuak uste baitu kasu horietan beste batzuetan ez dauden "konexio" batzuk ematen direla, eta, ondorioz, ustezko iruzurrean parte hartu izanaren "zantzu asko" daudela.

Patxi Nicolau ESKk Osakidetzan duen ordezkariak argitu duenez, sindikatuak ez du "oposiziogileen sorgin-ehiza" irekitzeko asmorik. Dioenez, helburua da "bezero-sistema" horrekin amaitzea; izan ere, deitoratu du sistema hori duela hamarkada batzuetatik ezarrita dagoela Osakidetzako lan-eskaintza publikoetan.

34 pertsona horiek ikertu gisa zitatzeko eskaeraz gain, ikertutako hamar espezialitateetan behin betiko froga dokumental bat egiteko eskatu dio ESKk epaileari, horietan guztietan dokumentazio bera egon dadin, etorkizunean ahozko epaiketa hasteko.

Eskaerak ostegun honetan, hilaren 29an, auzia bideratzeko epea amaitu baino egun batzuk lehenago egin dituzte, baina baliteke epaileak epea luzatzea erabakitzea.

Nicolauk gogoratu duenez, hiru urte bete dira sindikatuak "Osakidetzan egiturazko bezero-sistema ezarrita dagoela" salatu zuenetik. Era berean, Osakidetzari egotzi dio ustezko filtrazio horien ikerketa-prozesua "boikotatzen" saiatu izana, baita IVAPi ere, "iruzurrak estali" eta justiziari lagundu ez diolakoan, Euskal Osasun Zerbitzuaren zuzendaritzaren "presioei men eginez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak ESK