Gizartea -

Istiluak botila-festetan

Osasun neurriak errespetatzen ez dituztenen "elkartasun falta izugarria" salatu du Erkorekak

Gainera, etxeratze agindu batek istiluak saihets ditzakeela uste du, eta Ertzaintzak "eraginkortasun- eta proportzionaltasun- irizpideen" arabera jokatzen duela azaldu du.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun saiburua. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun saiburua. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Istiluak eragin dituztenek elkartasun falta erakutsi dutela dio Erkorekak

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak "erabateko arduragabekeria", "elkartasun falta izugarria" eta "gizalegezko zentzurik eza" salatu ditu joan den asteburuan covid-19aren aurkako osasun neurriak urratu eta Euskadin botila-festak eta desordena publikoak eragin dituztenengatik.

Arantza Tapia sailburuarekin batera Mutrikun (Gipuzkoa) egindako ozeano-meteorologia estazio berriaren inaugurazioan egin ditu adierazpenok Erkorekak.

Atzo, igandea, goizaldean Donostian, Urretxun eta Villabonan izandako istiluei buruz hitz egin du lehendakariorde eta Segurtasun Saileko buruak. Gertakari horietan hiru gazte atxilotu zituzten desordena publikoagatik Ertzaintzari objektuak jaurtitzeagatik edota kaleko edukiontziak errepidean gurutzatu eta erretzeagatik.

"Erabateko arduragabekeriaz, elkartasun ezaz eta gizalegezko zentzu faltaz" jokatu zuten "pertsonak eta kolektiboak" dira, Erkorekak azpimarratu duenez. Pandemiari aurre egiteko osasun arauak betetzeari "uko egiteaz gain,"argi eta garbi aurre egin eta polizia zerbitzuen lana zaildu "izana kritikatu du.

"Oraingoa bezalako une batean", esan du, kutsatzeen zifrak eta pandemiaren bilakaera "kezkagarriak" direnean, "izugarrizko gizalege eza" dela azaldu du "osasun publikoaren aldeko araudia ez betetzea".

104 zigor proposamen asteburuan

Ostiral honetatik igandera bitartean pandemiari aurre egiteko indarrean dauden osasun arauak urratu dituzten 104 pertsonari isuna jartzea proposatu dute Ertzaintzak eta udaltzaingoek.

Horietatik 15 bide publikoan edari alkoholdunak kontsumitzearekin lotutako arau-hausteengatik izapidetu dira, "botila-festak" deiturikoetan, eta 27 maskara ez erabiltzeagatik proposatu dira, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Lurraldeka, Ertzaintzak eta udaltzaingoek 10 salaketa jarri dituzte Araban, 37 Bizkaian eta 57 Gipuzkoan.

Ertzaintzak horrelako egoerei aurre egiteko dituen baliabideei dagokienez, "agenteen hurrengo promozioa Akademiatik atera arte, langileei legozkiekeenak baino 900 pertsona gutxiago" daudela gogorarazi du.

Halaber, Ertzaintzak "eraginkortasun- eta proportzionaltasun-irizpideen arabera" jarduten duela ohartarazi du, eta, joan den asteburuko desordenen kasuan, hainbat inguruabar gertatzen dira, hala nola, goizaldeko orduak eta "pertsona asko eta horietako asko alkohol-tasa altuekin" batera egotea. Horietan ekintzak "asko eta oso ondo neurtu behar baita" sortzen den kaltea handiagoa izan ez dadin.

"Neurriz kanpoko indarra, egoera konpontzeko ezinbestekoa dena baino gehiago" erabiltzeko aukera baztertu egin du Segurtasun Saileko buruak, eta "esperientziaren" aldeko deia egin du egoera hori konpontzeko: "etxeratze agindua indarrean egon zen bitartean", joan den urtean "ez zen horrelako gertaerarik izan".

"Orain ez dugun etxeratze agindu batek asko lagundu lezake gaueko istilu horiek saihesten", azpimarratu du Erkorekak. Horrekin batera, "egun hauetan bizi dugun fenomenoa ez dela duela urtebete izandakoaren oso desberdina" azaldu du, "botiloiak ugaritu zirenean" eta pandemia egoera "nahiko antzekoa" izan zenean. Erkorekaren hitzetan, "'revival' bat bizitzen ari gara".

Bestalde, Villabonako PSE-EEk "alderdi politiko guztien erantzun bateratua bultzatzea" eskatu dio Beatriz Unzue EH bilduko alkateari, segurtasun neurriak betetzen ez dituztenei "erantzukizuna" eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasunari buruzko albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Donostia bideoak Ertzaintza Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Albisteak Gaur Villabona albisteak Gaurko azken orduko albistea Urretxu azken ordukoa Mutriku azken ordukoa COVID kasuak