Gizartea -

indarkeria matxista

Polizia-etxean jarraitzen du Berrizen bikotekidea hiltzen saiatzea leporatuta atxilotutako gizonak

Ustez, 27 urteko gizonak arma zuri batez eraso zion emazteari. Emakumea helikoptero medikalizatu batean eraman zuten Gurutzetako ospitalera. Berrizko Udalak protesta-elkarretaratzea deitu du gaur 19:00etarako.

Atxiloketaren unea, Berrizen. Argazkia: Ertzaintza
Atxiloketaren unea, Berrizen. Argazkia: Ertzaintza
Atxiloketaren unea, Berrizen. Argazkia: Ertzaintza

O.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia-etxean jarraitzen du Berrizen bikotekidea hiltzen saiatzea leporatuta atxilotutako gizonak. Ustezko erasotzailea, 27 urteko gizonezkoa, astelehenean atxilotu zuten eta ertzain-etxean dago oraindik, epailearen aurrera noiz eramango zain, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Gizonak, ustez, emazteari arma zuri batez eraso zion eta hainbat ebaki egin zizkion. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman zuen helikoptero medikalizatu batean.

Astelehen honetako arratsaldeko zazpiak aldera, Berrizko belodromoaren inguruan emakume bat zaurituta zegoela jakinarazi zioten Ertzaintzari.

Antza denez, odoletan zegoen, zauri ugari baitzituen, horietako batzuk lepoan. Gizonezko batek egin zion eraso. Adierazi dutenez, erasoaren ondoren, ihes egin zuen, Ø erasoa izan zenean eurekin zegoen haurtxoa eramanda. Ertzaintzak baieztatu duenez, haurra ondo dago. Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartu du emakumearen bi haurren zaintza, ama osatu bitartean. 

Ertzaintza eta osasun-langileak bertaratu ziren, eta biktima larri zaurituta zegoela egiaztatu zuten. Ondorioz, Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten Osakidetzako helikoptero medikalizatu batean.

Ustezko erasotzailea, biktimaren bikotekidea, handik gutxira aurkitu zuten handik gertu. Horrenbestez, atxilotu eta ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko izapideak egiteko. Gizona polizia-etxean zuten astearte goizean, epailearen aurrera noiz eramango zain.

Kondena instituzionala

Berrizko Udalak, Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartuta, "irmo gaitzetsi eta arbuiatu" du herriko emakume batek jasandako "eraso bortitza", eta 15 minutuko elkarretaratzea deitu du astearte arratsaldeko, 19:00etarako, Urtiaga Plazan "Emakumeen kontrako indarkeriari ez! Aski da!" lelopean. Gainera, Udalak konpromisoa agertu du mugimendu feministako taldeek egiten dituzten gaitzespen-ekintzak babesteko, eta herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldi horietan parte hartzera, bai eta erakundeen laguntza behar dezaketen beste gaitzespen-ekimen batzuen berri ematera ere.

Adierazpen instituzional batean, Udalak babesa eta hurbiltasuna eskaini die biktimari eta haren ingurukoei, lehenbailehen osatzea opa dio. Azpimarratu dutenez, "indarkeria matxistak Giza Eskubideen urraketa larriak eragiten ditu, eta lehen mailako arazo soziala da, sufritzen duten eta aurre egiten dieten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka egiten duena".

Horregatik, Berrizko Udalak neurriak bultzatzen jarraituko du, udal-erakundeek eta herritarrek "bizkor eta irmo erantzun diezaioten edozein eraso matxistari", baita, halaber, "biktimei lehentasunezko arreta eskaintzeko, eta prebentzio-neurriak gara daitezen, bai emakumeei indarkeriari aurre egin ahal izateko tresnak emateko, bai erasotzaileen zigorgabetasun sozialari amaiera emateko".

Gainera, Berrizko Udalak "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko" dituen eskumenak erabiltzen eta babesten jarraitzeko konpromisoa agertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Berriz Durangaldea albisteak