Gizartea -
Spanairreko krisia
Iberiak dohainik lagunduko die Spanairreko itxialdia sufritu dutenei
Sepla Iberia sindikatuaren arabera, "aireportuetan botata geratu diren langile zein bidaiariak batzeko asmoz, Iberiako pilotuek doan egingo genituzke hegaldiak".
Erredakzioa
Sepla Iberia sindikatuak astelehen honetan iragarri duenez, konpainia horretako pilotuak Spanair ixteagatikaireportuetan botata geratu diren langile eta bidaiariak etxeratzeko prest daude, nahiz eta egun horietan Iberia Express konpainiaren sorreraren kontrako greba egingo duten.
Komunikabideei eginiko adierazpenetan, Justo Peral Sepla Iberia sindikatuko ordezkariak neurria Ana Pastor Sustapen ministroarekin eta Rafael Catalá Garraiobideen estatu idazkariarekin kontaktuan jarri ostean hartu dutela azaldu du.
"Aireportuetan botata geratu diren langile zein bidaiariak batzeko asmoz, Iberiako pilotuek doan egingo genituzke programatutako hegaldiak", baieztatu du.
Lanuzte berriak prestatzen
Iberiako langileek astelehen honetan egindako zazpigarren lanuztean 95 hegaldi geratu dira bertan behera. Horren harira, Peralek Iberia Expressen sorrera eta 5.000 lanpostu desagertzea kritikatu ditu, hurrengo asteartean protesta berriak antolatzeko egingo duten batzarraren berri eman duen bitartean.