Gizartea -
Gertakaria Gipuzkoan
Gazte bat hil da goizaldean, Donostiako Zurriola hondartzan
Bi gazte uretan sartu dira goizaldean, eta haien lagunek bistatik galdu dituzte. Desagertuetako bat onik aurkitu dute gutxi geroago, hondartzako zonalde harritsu batean.
Eriz Lotina | EiTB Media
Larrialdi zerbitzuek gazte baten gorpua atera dute Donostiako Zurriola hondartzaren uretatik. Dirudienez, beste gizonezko batekin uretan sartu da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten azaldu duenez.
Gertakariak 04:45 aldera jazo dira. Partikular batek Donostiako Udaltzaingoari abisua eman dio. Bi lagun uretara sartu direla eta bistatik galdu dituztela jakinarazi die udaltzainei.
Berehala bilaketa dispositiboa martxan jarri dute. Ertzaintza, suhiltzaileak, osasun langileak, Gurutze Gorriaren ontzi bat eta Itsas Salbamenduko helikoptero bat bertaratu dira.
Desagertuetako bat onik aurkitu dute gutxi geroago, hondartzako zonalde harritsu batean.
Surflarien laguntza
07:00ak aldera, larrialdi zerbitzuek, surfa egiten ari ziren pertsonen laguntzarekin, gazte desagertuaren gorpua itsas hondoan topatu dute.
Gorpua ontzi batean portura eraman dute, eta zerbitzu medikoak heriotza baieztatu du. Gorpua Auzitegiko Patologiako Zerbitzura eraman dute. Ertzaintza gertakaria ikertzen ari da.