Gizartea -
Trafikoa
EAEko barne-trafikoa handitzea eta nazioartekoa % 14 inguru murriztea espero du Jaurlaritzak
Asteburu honetan espero dira uda osoko "joan-etorri gehienak", eta hori dela eta, Ertzaintzak segurtasun neurriak indartuko ditu arazo gehien sortu ohi diren tokietan.
Agentziak | EITB Media
Uztail amaierako eta abuztu hasierako irteera-itzulera operazioak barne-trafikoa "zertxobait" areagotuko duela aurreikusten da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE); barrualdetik zein lurralde mugakideetatik, baina nazioarteko zirkulazioak % 14 inguru egingo du behera, bigarren urtez jarraian ez delako Itsasarteko Pasabide Operaziorik egongo.
Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak udako lehen balantzea egin du gaur, Iñigo Bengoetxa Gipuzkoako Ertzaintzaren Trafiko Unitateko Bide Segurtasuneko buruarekin batera AP-8 autobideko bidesarian (Irun, Gipuzkoa) egindako agerraldian.
Udako irteera-itzulera operazioaren "lehen balantzean" nabarmendu duenez, Euskadin barne-trafikoko fluxu handiagoa antzematen ari da, baita EAEren eta erkidego mugakideen (Nafarroa, Errioxa, Kantabria, Burgos) arteko fluxu handiagoa eta Estatuko beste puntu batzuetarako eta Ipar Euskal Herrirako fluxu handiagoa ere. Hori dela eta, segurtasun neurriak indartu dituzte, eta 500 bat agente arduratuko dira zirkulazioaren zaintzaz.
Testuinguru horretan, Araba eta Errioxa lotzen dituen N-124 errepidean, eta A-8 autobidean, Bizkaian, Kantabriarako noranzkoan, auto-ilara luzeak sortu dira dagoeneko, Trafiko zuzendariak azaldu duenez, eta A-15 errepidean ere ibilgailu pilaketak izan dira Gipuzkoan, Nafarroarantz, baina "Belabietako tunelean eta N-I bideak prestatutako desbideratzean egiten ari diren lanen ondorioz".
Orain arte, A-1 autobian ere "joan-etorri gehiago" atzeman dituzte N-622 errepidearen Arabako lotunean, baina, oro har, "zirkulazioa arina izaten ari da", eta, 2020an baino "zertxobait ugariagoa" bada ere, ez da pandemia aurreko 2019ko edo 2018ko udetan bezain ugaria.
Nazioarteko zirkulazioari dagokionez, abuztu amaieran egiten den zenbaketaren zain egon beharko den arren, Euskadiko errepideek "udaro" pilatu ohi dituzten 1.850.000 joan-etorriak aurten ez direla errepikatuko eta "% 14 inguruko beherakada" izango duela aurreratu du.
Horrez gain, atseden-guneek berariazko seinaleak izango dituzte, bost hizkuntzatan, indarrean dauden "osasun-neurriak gogorarazteko".
Asteburu honetan espero dira uda osoko "joan-etorri gehienak", eta hori dela eta, Ertzaintzak segurtasun neurriak indartuko ditu arazo gehien sortu ohi diren tokietan, hala nola, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, A-1eko Armiñongo lotunean, non "behin-behineko seinaleztapena gaitu da, zirkulazioa arinagoa izan dadin".
Uztaileko istripuen balantzeari dagokionez, ostiral honetara arte hiru pertsona hil dira euskal errepideetan (bat Bizkaian, beste bat Araban eta beste bat Gipuzkoan), hau da, 2020ko epe berean baino bi gutxiago.