Gizartea -
Sutea
Itzali dute Tragaparango bi industria-nabetan piztutako sua
El Juncal industrialdean dagoen Tosna enpresan piztu zen sua astearte arratsaldean. Nabe berean hainbat enpresa daude, eta haietako batean material sukoiekin lan egiten dutenez, sua enpresa horretara ere zabaldu zen. Kalte material oso handiak utzi ditu.
Eriz Lotina | EITB Media
Bizkaiko Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, Trapagarango (Bizkaia) El Juncal industrialdean dagoen Tosna enpresan astearte arratsaldean piztutako sua itzali dute dagoeneko.
Antza denez, makinak alokatzen dituen Tosna enpresan piztu zen sua, baina suhiltzaileek kaltetutako nabea eta inguruko enpresak hustu zituzten; izan ere, nabe berean dagoen beste enpresa batean, material sukoiekin egiten dute lan, eta sua enpresa horretara ere zabaldu zen.
Langile guztiak onik atera badira ere, kalte material oso handiak utzi ditu suteak.
Teknikariak sua zerk eragin duen aztertzen ari dira, baina litekeena da txinparta bateria batek piztu izana.
Suhiltzaileak eta poligonoko enpresen jabeak lokalak miatzen aritu dira. Eraikinaren estalkia behera erortzeko arriskua dago.
Udaletik jakinarazi dute aztertzen ari direla, baina litekeena dela pabilioia bota behar izatea.
Kea ondoko herrietatik zein autobidetik ikusi zen, baina keak ez zuen eragozpenik sortu trafikoan, batere haizerik ez zebilelako sua izan zenean.