Gizartea -
Koronabirusa
28 positibo Bizkaiko egoitzetako erabiltzaileen artean, eta 18 Gipuzkoakoetan
Guztira 43 lagunek eman dute positibo Bizkaian eta Gipuzkoan. Kaltetuek ez dute larritasunik, covid-19aren aurkako txertoaren jarraibide osoa hartuta baitute.
Agentziak | EiTB Media
28 positibo baieztatu dituzte Bizkaiko egoitzetan, horietariko hiru ospitalean daude eta gainerakoek ez dute sintomarik, Bizkaiko Aldundiak jakitera eman duenez. Gipuzkoak, bestalde, jakinarazi du egoitzetako erabiltzaileen artean positibo eman duela, eta, beraz, guztira 18 pertsonak dutela gaixotasuna egoitzetan.
Bizkaian, konkretuki, zortzi egoitzetan antzeman dituzte positibo guztiak, eta gaixotasunaren aurkako txertoa jaso duten adinekoak dira denak.
25 adinekok eman dute positibo probetan, baina ez dute sintomarik. Ospitalean dauden hiru pertsonek aldez aurretik patologiak zituzten.
Gipuzkoan, azken orduetan positibo berri bat atzeman badute ere, egoerak hobera egin du, infekzioak hiru pertsona gutxiago baitaude covid-19ak jota. Une honetan, 18 dira kutsatuta dauden egoitzetako erabiltzaileak.
Foru Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez, azken orduetan beste positibo bat izan da Oiartzungo Petra Lekuona egoitzan, eta guztira bost dira. Kutsatutako egoiliarrak txertoa hartu zuen eta ez du sintomarik, baina Eibarko erreferentzia-zentrora eraman dute prebentzioz. 17 dira dagoeneko zentro horretan dauden adinekoak.
Oiartzungo egoitzaz gain, gaur egun bederatzi gaixo daude Zizurkilgo Fraisoro zentroan, bi Irungo Inmaculadan, bat Villabonako Santiagon eta beste bat Donostiako Aldakonean. Azken horretan hiru pertsona sendatu dira azken 24 orduetan.