Gizartea -

Migrazioa

Mediterraneoan erreskatatutako 800 migratzaileen egoera "jasanezina" salatu eta portu segurua eskatu dute

SOS Mediterranee eta Sea Watch gobernuz kanpoko erakundeek beren itsasontzietan bizitzen ari diren egoera salatu dute: erreskatatutako pertsonak ahul daude, beroa handia da, eta, hori dela eta, horiek lehorreratzeko portu segurua eskatu dute berriro.

Sea Watch GKEak erreskatatutako migratzaile talde bat. Artxiboko irudia: Sea Watch.
Sea Watch GKEak erreskatatutako migratzaile talde bat.
Sea Watch GKEak erreskatatutako migratzaile talde bat. Artxiboko irudia: Sea Watch.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SOS Mediterranee eta Sea Watch gobernuz kanpoko erakundeek egindako salaketaren arabera, duela lau egun Mediterraneo itsasoan erreskatatutako 800 migratzaile baino gehiagoren egoera "jasanezina" da, eta, beraz, portu seguru bat eskatu dute berriro.

Azaldu dutenez, bizirik dirauten 553 pertsonak (119 adingabe, 4 emakume haurdun eta 3 hilabeteko haurtxo bat tartean) Ocean Viking itsasontzian dagoen bero itogarria jasaten ari dira, eta, beraz, horiek guztiak lehenbailehen lehorreratzeko portu seguru bat eskatu dute, baita Sea Watch 3 ontzian dauden 257 pertsonak lehorreratzeko ere.

Luisa Albera bilaketa eta erreskate lanetarako koordinatzailearen hitzetan, bizirik erreskatatu zituzten asko erabat akituta zeuden SOS Mediterranee erakundearen taldeek aurkitu zituztenean, eta ahul daude oraindik. "Askok min fisikoak, erregaiak eragindako erredurak eta zorabioak dituzte, eta batzuk zorabiatzen hasi dira beroaren ondorioz; bero horrekin, egoerak okerrera egin dezake egun batetik bestera".

Italiako Barne ministro Luciana Lamorgesek, bere aldetik, Europar Batasunari eskatu dio mekanismo bat martxan jartzeko, aldi baterako bada ere, gobernuz kanpoko erakundeen itsasontziek Mediterraneoan erreskatatutako migratzaileak portu seguru batera eraman ahal izateko. Era berean, horiek nahitaez banatzeko elkartasun printzipioa abiarazteko aldarrikatu du.

Gainera, egunotan 2.000 migratzaile baino gehiago iritsi dira Lampedusara, eta bertako harrera zentroa kolapsatuta dago, 200 pertsona hartzeko lekua baino ez dagoelako bertan.

Astelehenera arte bildutako datuak kontuan hartuta, 29.461 migratzaile iritsi dira Italiara, 2020an 14.406 eta 2019an 3.920.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Gobernuz Kanpoko Erakundeak Mediterraneo itsasoa gaur