Gizartea -

Osasun ziurtagiria

Hainbat protesta deitu dira Ipar Euskal Herrian asteburu honetarako osasun ziurtagiriaren aurka

Neurri horren aurkako taldeek mobilizazioak iragarri dituzte larunbaterako, abuztuak 7, Iparraldeko hainbat udalerritan, hala nola Baionan, Hendaian eta Donibane Garazin.

Osasun ziurtagiriaren aurkako manifestazio bat Frantzian. Argazkia: EFE.
Osasun ziurtagiriaren aurkako manifestazio bat Frantzian.
Astelehenetik aurrera, Iparralden osasun pasea beharrezkoa izango da ostalaritzan

1:23

M.E. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak osasun ziurtagiriaren ezarpena orokortzeko abala jaso eta egun bat beranduago, herrialdea pasearen derrigortasunari aurre egiteko prestatzen ari da. Datorren astelehenetik aurrera, abuztuak 9, besteak beste, tabernetan eta jatetxeetan sartzeko edo herrialde barruan bidaiatzeko ezinbestekoa izango da.

Frantziarrak zatituta daude neurri honen ezarpenaren aurrean: batzuen ustez, guztien askatasuna babesteko irtenbiderik egokiena da, baina beste batzuen aburuz, neurri horrek herritarrak gehiago zatitzea besterik ez du lortuko.

Osasun-ziurtagiriaren aurkako sektoreek manifestazioak deitu dituzte larunbat honetarako Baionan, Hendaian eta Donibane Garazin. Hala, Frantzian mobilizazioak egon diren laugarren asteburua izango da jarraian. Datu ofizialen arabera, joan den asteko deialdian 200.000 pertsona inguru batu ziren lurralde osoan.

Honako egoera hauetan eskatuko da osasun ziurtagiria:

-       Taberna eta jatetxeetara (baita terrazetan ere), gimnasioetara eta merkataritza-guneetara sartzea

-       Hoteletan ostatu hartzea

-       Ibilbide luzeko tren batean mugitzea

-       Hegaldi nazional batean bidaiatzea

-       Osasun-zentroetan eta ospitaleetan premiazkoak ez diren pazienteak

-       Osasun-establezimenduetako bisitariak

-       Adinekoen egoitzetan sartzea

-       50 pertsona baino gehiago biltzen dituzten "aisialdiko eta kulturako" guneetara sartzea

Era berean, osasun-langileek nahitaez egon beharko dute txertatuta, bai eta pertsona ahulekin lan egiten duten beste profesional batzuk ere, hala nola suhiltzaileak, larrialdi-zerbitzuak edo adinekoen egoitzetako langileak. Horiek guztiek bete beharko dute txertaketa-jarraibidea urriaren 15a baino lehen. Hala egin ezean, langileak enplegurik eta soldatarik gabe gera daitezke.

Nolanahi ere, Konstituzio Kontseiluak ez zuen onartu bitarteko langile batek edo aldi baterako kontratua duen pertsona batek covid-19aren aurkako txertoa jartzeari uko egin badio hura kaleratzea.

Bestalde, covid-19an positibo eman dutenek hamar eguneko nahitaezko isolamendua ere baliogabetu egin zuen Kontseiluak, neurriak gizabanako bakoitzaren askatasunaren aurka egiten zuela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Frantzia berriak Baionako argazkiak Biarritz bideoak Maule Donibane Garazi bideoak Hendaia albisteak Gizartea Gaurko titularrak Albisteak Egoitza geriatrikoak Euskal jatetxeak Botikak albisteak Ostalaritza Euskadin Bidaiak azken ordukoa Txertoak azken ordukoa Zuberoa albisteak Koronabirusaren Eris aldaera gaur Lapurdi Nafarroa Beherea Frantziako Gobernua Ziurtagiri digitala Euskadin Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn 2022