Gizartea -

Erasoa

Zornotzako jipoiaren biktimak koman jarraitzen du, eta garuneko bi aldeak ditu minduta

Familiak azaldu duenez, gazteak, bizirik ateratzekotan, arrasto sakonak izango lituzke.

Gaztea Gurutzetan dago ospitaleratuta. Argazkia: EFE.
Gaztea Gurutzetan dago ospitaleratuta
Alexandruren egoera kritikoa da eta medikuek ezin diote esperantzarik eman familiari

1:9

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zornotzan uztailaren 25ean jipoi basatia jaso zuen 23 urteko gazteak koma sakonean jarraitzen du ospitaleratuta Gurutzetan, eta garuneko bi aldeak ditu minduta; beraz, gazteak, bizirik ateratzekotan, arrasto sakonak izango lituzke. Hala azaldu du ostiral honetan, ospitalearen aurrean, familiako bozeramaile batek.

Adierazi duenez, gaztea "koma sakonean" dago, ez koma induzituan, eta beste eskaner bat egin diotela; proba horretan ikusi dute burmuineko bi aldeak dituela minduta. Bozeramaileak deitoratu du arrastoak izango dituela, egoera aldatu eta gaztea bizirik irten arren.

Bozeramaileak zehaztu du gaztea bere kabuz hartzen ari dela arnasa, asteazkenean trakeotomia egin ostean.

Familiako beste bozeramaile batek esan du medikuek zer esaten dieten: "Oso larri dago, eta ez digute itxaropenik ematen, mirari bat soilik".

Jipoian ustez parte hartu zuten 14 pertsona atxilotu dituzte orain arte; ustez, banda bateko kideak dira. Sei sartu dira kartzelan, eta beste bat aske utzi zuten, baina epaitegian hilean behin azaldu behar du. Gainerako zazpiak adingabeak dira, eta denak utzi dituzte Fiskaltzaren esku, azkena ostiral honetan.

Ertzaintzaren ikerketaren arabera, baliteke atxilotuek "Koala Anaiak" banda bat osatzea; banda hori urteak omen daramatza Bizkaian indarkeriazko ekintzak egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Amorebieta-Etxano bideoak EAE Delituak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Lemoa azken ordukoa Gazteak gaur