Gizartea -
Zirkulazio-istripua
Zazpi pertsona zauritu dira Gasteizen, autobus batek talka eginda
Pesa konpainiako autobusak zuhaitz bat jo du, Donostiara zihoala. Antza denez, autobusak talka egin ostean, beste autobus batek atzetik jo du.
Erredakzioa
Gutxienez zortzi pertsona zauritu dira Araban izandako zirkulazio-istripu anitzetan; horietatik 25 Gasteizen izan dira. Autobus batek zuhaitz bat jo du hiriburuan bertan eta, besteak beste, bi autobusetako gidariak zauritu dira, bat larri.
Elur denboralearen ondorioz, Opakuako, Bernedoko, Kruzetako eta Urduñako mendateetan ezin da kamioirik ibili eta ibilgailuek kateak erabili behar dituzte derrigor, Arabako Foru Aldundiak agiri batean jakinarazi duenez.
Bestalde, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, N-240 errepidea itxita dago, Zeanuri eta Gasteiz artean.
Istripu larriena 10:30ean izan da Gasteizko Gamarrako Atea kalean. Pesa konpainiako autobus batek zuhaitz bat jo du, Donostiara zihoala, eta, beste autobus bat saihesteko, azkenean zuhaitz baten aurka talka egin du. Autobus biak hiritik ateratzen ari ziren.
Marina Castellano Gasteizko Hiritarren Segurtasun zinegotziak prentsaurrekoan azaldu duenez, autobuseko gidaria larri zauritu da eta beste sei pertsona arin zauritu dira.
Autobusaren gidaria Txagorritxuko ospitalera eraman dute suhiltzaileek ibilgailutik atera dutenean.
Beste istripua ere goizean izan da Zulla kalean. Ibilgailu batek kontrola galdu du, izotz plaken ondorioz, eta pertsona bat harrapatu du. Oinezkoa zauritu egin da.
Bi istripu horiez gain, elurrak eta izotzak beste 25 istripu eragin dituzte Gasteizen, guztiak txapakoak. Halaber, istripu gehiago ere izan dira Araban. Horietan, ez da inor zauritu.