Gizartea -

Muturreko tenperaturak

Bero-boladari aurre egiteko gomendioak: Zer egin daiteke tenperatura altuen ondorioak saihesteko?

Ohi baino likido gehiago edatea, ura batez ere, egarria izan arte itxaron gabe, eta otordu arinak egitea dira osasun zerbitzuek aholkatzen dituzten neurrietako batzuk.

Likido gehiago edan behar da, ura batez ere, muturreko beroari aurre egiteko. Argazkia: EFE
Likido gehiago edan behar da, ura batez ere, muturreko beroari aurre egiteko. Argazkia: EFE
Likido gehiago edan behar da, ura batez ere, muturreko beroari aurre egiteko. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astearte honetan sargoriarekin jarraituko dugu Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, hori dela eta, komeni da beroaldietan kontuan hartu beharreko gomendioak gogora ekartzea.

Aholku nagusia beroak ondoeza ez eragiteko prebentzio neurriak hartzea da. "Tenperatura altuen ondorio negatiboak zorabio, ahultasun, neke, goragale edo zorabio moduan ager daitezke", Gurutze Gorritik zabaldu dutenez.

"Intsolazioa tenperatura altuekin ere lotuta dago, eta larruazal gorritua, beroa eta lehorra, pultsu azkarra eta buruko min handia eragin ditzake. Horrelakoetan, intsolazioa jasan duen pertsona leku fresko batera eramatea, burua estaltzea, besapean konpresa bustiak eta hotzak jartzea eta ura gatzarekin eta bikarbonatoarekin edatea" dira bero horri aurre egiteko modurik onena.

Horrela, tenperatura altuei lotutako osasun-arazoak "neurri errazen bidez saihestu daitezke".

Tenperatura altuei aurre egiteko gomendioak:

- Ohi baino likido gehiago edan, ura batez ere, eta ez itxaron egarri izan arte.

- Saihestu kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edariak.

- Elikadurari dagokionez, otordu arinak egin (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, frutak...).

- Etxean, bero gehien egiten duen orduetan, leihoak itxi eta pertsianak jaitsi, eta etxea aireztatu eta freskatzeko aprobetxatu bero gutxien egiten duenean.

- Arropa lasaia, arina eta kolore argikoa erabili, eta oinetako eroso eta freskoak.

- Bero handiko orduetan, ez kalera atera, eta, atera behar izanez gero, burua estali eta eguzkitako betaurrekoak erabili.

- Bero handiena egiten duen orduetan (12:00etatik 18:00etara) ez egin kirol ariketarik eguzkitan, batez ere, gogorrak badira.

- Kalean jarduerarik egin behar izanez gero, ez ahaztu atseden hartzea, eguzkitik babestea eta freskatzea (likidoak edan, burua freskatu eta abanikoa erabili).

- Bero handia sentituz gero, dutxa edo bainu hotza hartu.

- Ez utzi inor aparkatuta edo itxita dagoen ibilgailu batean, ezta autoa itzalean badago ere.

- Zaindu beroaren aurrean arriskua duten pertsonak, arreta berezia jarri ume txikiei, adinekoei eta beroarekin zein deshidratazioarekin larriagotu daitezkeen pertsonei, bihotzeko gaixotasunak dituztenei.

- Adineko pertsonei dagokienez, gutxienez egunean behin bisitatu, bakarrik bizi direnak edo laguntza behar dutenak bereziki, eta, behar izanez gero, gizarte-zerbitzuen laguntza eskatu, babes-neurriak hartzeko zailtasunak izan baititzakete.

- Osasun-arazoren bat baduzu:

  - Galdetu medikuari zer neurri osagarri hartu behar dituzun.

  - Botikak hartzen badituzu, jarraitu hartzen, baina ez hartu zeure kabuz, medikuak agindu gabe.

  - Gaizki sentitzen bazara, utzi egiten ari zarena egiteari, saiatu leku fresko bat bilatzen eta eskatu laguntza.

Arrisku-taldeak, bereziki zaindu beharrekoak

Bero handiaren ondorioen aurrean bereziki zaurgarriak dira "haurrak (4 urtetik beherakoak eta, batez ere, bularreko haurrak); adinekoak (65 urtetik gorakoak eta, bereziki, 80 urtetik gorakoak); hainbat patologia dituzten gaixo kronikoak (kardiobaskularrak, arnasketakoak, diabetesa, giltzurruneko gutxiegitasun kronikoa, dementzia, obesitate larria) eta tratamenduan daudenak (diuretikoak, neuroleptikoak, antikolinergikoak eta lasaigarriak)".

Azkenik, kalean ariketa bizia egiten dutenek, bai lanean, bai aisialdian, eta gizarte-bazterkeria pairatzen dutenek ere saihestu behar dituzte beroaren ondorio kaltegarriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Uda Bero-boladak