Gizartea -

Koronabirusa

Osasun Publikoaren euskal lege-aurreproiektuaren zirriborroak txertaketa nahitaezkoa izatea jasotzen du

Testu hori kontsulta publikoaren fasean egongo da abuztuaren amaierara arte. Fase hori gainditu eta Gobernu Kontseiluak argi berdea eman ondoren, Eusko Legebiltzarrera bidaliko dute organo horrek izapidetu dezan.

Pertsona bat koronabirusaren aurkako txertoa hartzen. Argazkia: EFE.
Pertsona bat koronabirusaren aurkako txertoa hartzen. Argazkia: EFE.
Osasun Publikoaren Euskal lege-aurreproiektuaren zirriborroak txertaketa nahitaezkoa izateko asmoa jasotzen du

1:20

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Osasun Publikoaren lege-aurrreproiektuaren zirriborroak txertoa hartzea derrigorrezkoa izateko asmoa jasotzen du herritarren osasunerako arrisku larria dagoenean. Horren adibide izango litzateke, esaterako, egun covid-19aren pandemiak sortutako egoera.

Testu hori kontsulta publikoaren fasean egongo da abuztuaren amaierara arte. Fase hori gainditu eta Gobernu Kontseiluak argi berdea eman ondoren, Eusko Legebiltzarrera bidaliko dute organo horrek izapidetu dezan. Legegintza-egutegiaren arabera, proiektua 2021eko azken seihilekoan bidaliko da Ganberara.

Eusko Legebiltzarrak ekainean onartu zuen pandemiaren aurkako legean ez da jasotzen txertoa hartzeko derrigortasuna, baina bai Osasun Saila gaur egun prestatzen ari den Osasun Publikoaren lege-aurreproiektuaren zirriborroan. EAJk eta PSE-EEk adostutako gobernu-akordioan jasota dago arau hori.

Nolanahi ere, lege-aurreproiektuaren zirriborroaren manu hori aldatu ahal izateko denbora dago oraindik, eta, Galizian gertatu den bezala, lege-aurreproiektuak aurrera egiteko zailtasunak izan ditzake. Erkidego horretan, Alberto Núñez Feijooren exekutiboak txertaketa legez ezarri nahi zuen, eta txertoa hartzeari uko egiten diotenentzako zigorrak aurreikusi zituen.

Horren aurrean, Pedro Sanchezen gobernuak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean. Edonola ere, azkenean bi administrazioek akordioa lortu zuten epaitegietara jotzea saihesteko, eta Galiziako Gobernuak onartu egin zuen arauan argi jasota uztea txertoa hartzea "borondatezkoa" dela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Herriak eta Hiriak Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Espainiako Gobernua albisteak Espainia argazkiak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zientzia berriak Osasun albisteak gaur Sendagileen albisteak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Arabako Unibertsitate Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea azken ordukoa Koronabirusaren Eris aldaera gaur Galdakao-Usansolo Ospitalea albisteak Osasun zentroak gaur Osasunbidea