Gizartea -

Koronabirusa

Apur bat jaitsi dira EAEn positibo berriak eta egoera kritikoan dauden gaixoak

Kutsatze guztietatik 182 Araban atzeman dituzte, 466 Bizkaian eta 220 Gipuzkoan. R0 indizeak igoera txiki bat izan du, baita gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen kopurua ere. Bien bitartean, intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du.

Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media
Jendea Bilbon
Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

891 positibo berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan azken orduetan, aurreko egunean baino 36 gutxiago, eta egoera kritikoan dauden pazienteen kopuruak ere behera egin du (62). 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak ere beheranzko joerari eusten dio eta 584koa da.

Osasun Sailak jakitera eman duen azken buletinaren arabera, 7.369 test diagnostiko egin dituzte ostegunean eta positiboen tasa lau hamarren jaitsi da, % 12,1era arte.

RO indizeak (kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen du) apur bat gora egin du eta 0,89an dago.

Ospitaleetan 47 pertsona ospitaleratu dituzte ostegun honetan, eta zainketa intentsiboetako unitateetan aurreko egunean baino bi gaixo gutxiago daude, 62 hain zuzen ere. Hala ere, ostegun honetan 281 pertsona zeuden ospitalean covid-19aren ondorioz, aurreko egunean baino 12 gehiago.

Kutsatze guztietatik 182 Araban atzeman dituzte, eta datuek okerrera egiten jarraitzen dute bertan: egun bat lehenago baino zazpi positibo gehiago atzemateaz gain, 14 eguneko intzidentzia metatua 15 puntu igo da, 537 kasuraino, eta R0a nabarmen igo da, 1etik 1,11ra.

Bizkaian (466) eta Gipuzkoan (220), berriz, behera egin dute positiboek, eta 14 eguneko intzidentzia metatuak hobera egin du; 100.000 biztanleko 618 kasu Bizkaian eta 499 Gipuzkoan. R0 indizeak bere horretan jarraitzen du Bizkaian (0,88) eta behera egin du Gipuzkoan (0,82).

Herriz herriko intzidentziak, berriz, okerrera egin du. Pasaiak, Agurainek eta Lasarte-Oriak atzerapausoa eman dute. Bestalde, Zalla eremu horira pasatu da, datu epidemiologikoak hobetzen jarraitu ostean.

Txertaketa

EAEn 1.444.407 lagunek jaso dute dagoeneko txertoaren jarraibide osoa, hamabi urtetik gorako biztanleriaren % 73a, hain zuzen, eta % 80,6k gutxienez dosi bat jaso du. Gainera, 16 eta 19 urte bitarteko pertsonen % 48,2k dagoeneko gutxienez covid-19 txertoaren dosi bat jaso dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak