Gizartea -
NAFARROA
Pertsona bat hil da Aitzoainen, Foruzaingoak prostituzio-etxe batean esku-hartu ostean
Lokaleko arduradunek Foruzaingoaren laguntza eskatu dute bezero baten jokabidearen ondorioz, eta baretzen saiatu direnean, hil egin da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Poliziak jakitera eman duenez, 43 urteko pertsona bat hil da gaur goizaldean Aitzoaingo prostituzio-etxe batean, Foruzaingoak egindako esku-hartze baten ostean.
Gertaera goizaldeko 1:47an izan da. Aitzoaingo ostalaritza lokal bateko arduradunen deia jaso dute Nafarroako SOS deietako lankideek. Ostalariek bezero bat oso aztoratuta zegoela adierazi dute eta pertsona bati eraso egin diola aitortu dute. Ondoren, Foruzaingoa, Berriozarko eta Antsoaingo Udaltzaingoa bertaratu dira.
Poliziek bezeroa lasaitzen eta laguntzen saiatu dira. Hala eta guztiz ere, jarrera bortitza izan du, eta agenteak hura baretzen saiatu diren momentuan, hil egin da, Foruzaingoak azaldu duenez.
Suspertzen saiatu ostean, anbulantzia medikalizatu bat eskatu dute, eta, baina iristean ezin izan dute ezer egin bizitza salbatzeko.
Guardiako epaitegiari gertatutakoaren berri eman ondoren, auzitegiko medikua, Polizia Judizialeko eta Foruzaingoko Polizia Zientifikoko langileak bertaratu dira, eta gertatutakoa argitzeko eginbideak hasi dituzte.
Gertakaria ikerketa judizialaren pean eta sekretupean dagoela adierazi du Javier Remirez lehen presidenteorde eta Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak, eta ziurtatu du Foruzaingoak epaileari lagunduko diola "behar den guztian".