Gizartea -

Moneta osagarria

Euskal moneta propioa Ipar Euskal Herrian?

Tokian tokiko ekonomia suspertzeko eta espekulazioarekin amaitzeko euskal moneta bat izango litzateke. Horrelako ekimenak indarrean daude Europako eta ABEetako hainbat erregiotan.

Alemanian izan den Iparraldeko ordezkaritza.
Alemanian izan den Iparraldeko ordezkaritza.
Alemanian izan den Iparraldeko ordezkaritza.

Frederik Verbeke

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herrian egitasmo deigarri bat jarri dute abian: euskal moneta propioa ezartzea. Moneta hori euroarekin erabat osagarria da, alegia, ez da euroa ordezkatzeko moneta bat, eta, besteak beste, tokian tokiko ekonomia suspertzea, espekulazioarekin amaitzea, jarduera sozial eta ekologikoak bultzatzea eta euskara berari ere laguntzea bilatzen du.

Tokian tokiko monetan osagarriak Europako, AEBetako nahiz Japoniako hainbat erregioetan zirkulazioan daude jada. Iparralden euskal moneta propioa ezartzeko egitasmoaren atzean dagoen elkartea Alemanian izan da azken egunotan, chiemgauer moneta-sistemaren xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko.

Alemaniako erregio horretako moneta Europako tokian tokiko monetarik garrantzitsuena da eta Iparralderekin antzekotasun handiak dituen lurraldean erabiltzen da: 300.000 biztanle dira eta nekazaritza-guneak eta hiri txikia dira nagusi.

Alemaniatik bueltan, euskal moneta indarrean jarri nahi duen Iparraldeko ordezkaritzan argi dute oraindik asko dutela egiteko. Lehendabiziko urratsa otsailaren 18an eta 19an egingo dute: batzordeak bilerak egingo ditu proiektua zehazteko eta ondoren Iparraldeko esparru ezberdinetako elkarteei aurkezteko.

Udaberrian moneta horren izena aukeratzeko kanpaina demokratiko eta parte-hartzaile bat abiaraziko dute eta urtea amaitu baino lehen moneta berriarekin proba bat egitea gustatuko litzaieke, esperimentu gisa izango bada ere.

Informazio gehiago, euskalmoneta.org webgunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea