Gizartea -

Kanporatzeak

Barne Ministerioak Auzitegi Nazionalean argudiatu du adingabe marokoarrak itzultzeko agindua Ceutak eman zuela

Ministerioak alegatu du Auzitegi Nazionala ez dela izapide honetan eskumena duen administrazioa, eta Ceutako epaitegi bat gertakari horiek epaitzen ari dela gaineratu du.

Adingabeak Marokora itzultzea. Argazkia: EFE.
Adingabeak Marokora itzultzea.
Adingabeak Marokora itzultzea. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Barne Ministerioak asteazken honetan igorri dio Auzitegi Nazionalari bakarrik iritsi diren adingabeak itzultzeko Ceutako Gobernu Ordezkaritzari bidalitako akordioari buruzko jakinarazpena. Hala ere, argi utzi du Barne Ministerioak ez duela kanporatzeko agindua eman.

Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salak itzulketei hasiera eman zien dokumentuaren kopia bat 24 orduren buruan emateko eskatu zion Barne Ministerioari, Immigrazio eta Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Sarea gobernuz kanpoko erakundeak helegitea jarri ondoren.

Barne Ministerioak azaldu duenez, abuztuaren 10ean Ceutara bidali zuen testuak "agerian uzten du Ministerioak adingabeak itzultzeko eskatzen duela, haien interesak edo eskubideak errespetatuz".

Hala ere, Immigrazio eta Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Sarearen helegiteari erantzunez, Fernando Grande-Marlaskak zuzentzen duen ministerioak honakoa dio: "Bakarrik dauden adingabeak Ceutatik Marokora itzultzeko agintzen duen akordioa ez du Barne Ministerioak eman".

Hori dela eta, Auzitegi Nazionalak gobernuz kanpoko erakunde horren helegitea atzera bota behar duela uste du, instantzia judizial hori ez bailitzateke eskuduna izapide hori bideratzeko, "ez baita Estatu ministro edo idazkari batek emandako agindu bat".

Gainera, Ceutako epaitegi bat adingabeak itzularazteko akordioak epaitzen ari dela eta 72 orduz itzulketak etetea erabaki duela nabarmendu du.

Hala, Barne Ministerioak Ceutako Gobernuaren esku utzi du maiatzaren 17an eta 18an Marokotik modu irregularrean sartu ziren 700 adingabeak Marokora itzultzeko aukeratutako formula juridikoa eta ekimenaren erantzukizuna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Maroko