Gizartea -
Migrazioa
Adin txikiko marokoarren kanporatzea ahalbidetzea erabaki du Auzitegi Nazionalak
Espainiako Barne Ministerioak abiatutako aberriratze prozesuaren aurka jarritako helegitea aztertzeko eskumena bere dela ebatzi du, baina kanporatzeak geldiarazteko eskaria baztertu egin du, giza eskubideen urraketarik antzeman ez duela argudiatuta.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Migratzaileei eta errefuxiatuei laguntzeko Espainiako elkarteak adin txikiko marokoarren aberriratzeen aurka jarritako helegitea ikertzeko eskumena bere dela jakinarazi du Auzitegi Nazionalak, baina, aldi berean, baztertu egin du itzulketa horiek geldiarazteko agindua ematea, oraingoz eskubide urraketarik antzeman ez duela argudiatuta. Behin-behineko erabakia da.
Joan den maiatzean mila pertsona inguruk igaro zuten Espainia eta Marokoren arteko muga eta bakarrik iritsitako adin txikiko migratzaileak Ceutatik kanporatzen hasi ziren igandean. Ceutako epaitegi batek, baina, aberriratzeak 72 orduz gelditzeko agindua eman zuen astelehenean, hainbat irregulartasun detektatu ostean.
Aldi berean, migratzaileei eta errefuxiatuei laguntzeko elkarteak Auzitegi Nazionalean helegitea aurkeztu zuen, adin txikiko horien giza eskubideak eta legedia urratzen ari direla salatuta.
Auzitegiak azalpenak eskatu zizkion Barne Ministerioari eta gaur goizean erantzun dio. Fernando Grande-Marlaska ministroak zuzentzen duen departamentuak adierazi du ez dutela adingabe horiek Marokora bueltarazteko inolako agindurik eman eta, beraz, helegitea atzera bota dezala eskatu dio.
Alabaina, Auzitegi Nazionalak azaldu du adin txikiko marokoarrak Ceutatik kanporatzeko agindua Estatuko Segurtasun Idazkaritzaren zigilua daramala, sinadura falta bada ere; eta, ondorioz, auzia ikertzeko eskumena bere dela berretsi du.
Edonola ere, eta auziaren muina aztertu bitartean, baztertu egin du itzulketak geldiaraztea.