Gizartea -

Migrazioak

Pertsona migratzaileen aldeko ekitaldia egin du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Plentzian eta Gorlizen

Munduan milioika pertsonak bizi duten errealitate gogorra agerian utzi dute, eta gobernuei migrazio- eta harrera-politikak aldatzeko eskatu diete.

Marea Horia ekintzaren gaurko irudia. Argazkia: @oeebizkaia
Marea Horia ekintzaren gaurko irudia. Argazkia: @oeebizkaia
Marea Horia ekintzaren gaurko irudia. Argazkia: @oeebizkaia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste urte batez, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Marea Horia ekintza egin du Plentziako eta Gorlizko hondartzetan. Oraingoan, ekitaldiak bi helburu izan ditu: alde batetik, beren jatorrizko herrialdeak utzi behar izaten dituzten milioika gizon-emakumeen errealitate gogorra agerian uztea; eta, bestetik, gobernuei eta erakundeei giza eskubideak errespetatuko dituzten migrazio- eta harrera-politikak har ditzaten eskatzea.

Errefuxiatuen aldeko plataformak gogorarazi du, gainera, "behartutako migrazioak" larriagotu egiten direla covid-19aren pandemiarekin. Era berean, "garapen eredu jasanezina" deitoratu du, "desberdintasun sozial gero eta handiagoak eta ingurumen krisi gero eta gogorragoak sortzen ari direlako", eta, ondorioz, "populazio osoen nahitaezko lekualdatzea behartzen ari delako".

Zentzu horretan, Europako herrialdeen erantzuna "mugak eta eskubiderik gabeko espazioak altxatzea eta indartzea" dela salatu du.

"Premiazkoa da Kanarietara, Ceutara eta Melillara iristen diren pertsonen legez kanpoko itzulketak bertan behera uztea, baita Atzerritarren Barneratze Zentroak (CIES) behin betiko ixtea ere. Premiazkoa da ezohiko erregularizazio-neurriak abian jartzea, ukatutako migratzaileek eta asilo-eskatzaileek legezko estatus erregularra eskuratu ahal izan dezaten. Premiazkoa da harrera-sistema malgu eta iraunkor bat sustatzea, pertsonen aniztasunei eta behar espezifikoei erantzuteko ", adierazi dute.

Hori dela eta, errefuxiatuak Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian "duintasun-baldintzetan" egon ahal izatea, eta eskubide, zerbitzu eta baliabide publikoak eskuratu ahal izatea aldarrikatu du elkarteak, "jatorria eta sartzeko bidea edozein izanda ere". Gaineratu duenez, "Euskal Herri abegikorra nahi dugu, desberdintasuna errespetatzen duena, gaur egun gure gizarteak osatzen dituzten jatorri desberdineko pertsonekin eraikia, eskubide-berdintasunean eta kulturen heterogeneotasunean errotua".

Era berean, Europar Batasunari eskatzen dio bere gain har ditzala Afganistango egungo krisiaren erantzukizunak, eta har dezala asiloa eskatzen duten errefuxiatuak hartzeko politika berri bat, "giza-eskubideak errespetatzen dituena".

Ekitaldia 12:00etan hasi da, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan zehar ibilaldi bat eginez. Ondoren, kaian zehar giza-katea egin dute, Ontziola plazaraino.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gaurko albisteak Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Hondartzak Gizartea Eguneko albisteak Plentzia Albisteak Manifestazioak gaur Gorliz Errefuxiatuak