Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadin 604 kasu berri atzeman dituzte, eta positibotasun-tasa % 9,2ra jaitsi da
EAEko ospitaleetako egoerari dagokionez, 44 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo gela arruntetan (aurreko balantzean baino bi gutxiago), eta zainketa intentsiboetako unitateetan 73 gaixo daude covid-19arekin (lau gutxiago).
A. O. | EITB MEDIA
Covid-19an positibo eman duten 604 kasu berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken orduetan; hau da, aurreko egunean baino 15 gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan jakitera eman duenez.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, azken orduetan 341 positibo zenbatu dituzte Bizkaian (atzo baino 16 kasu gehiago), 148 Gipuzkoan (23 gutxiago) eta 104 Araban (sei gutxiago). Gainera, beste autonomia erkidegoetan bizi diren 11 pertsonak ere positibo eman dute, kutsatu ondoren.
Ildo horretatik, positibotasun-tasak behera egiten jarraitzen du Euskadin, eta une honetan % 9,2an dago (aurreko egunean % 11,2an zegoen). Atzo, gaitza atzemateko 6.561 test diagnostiko egin zituzten, hau da, aurreko egunean baino 1.010 gehiago.
EAEko ospitaleetako egoerari dagokionez, 44 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo gela arruntetan (aurreko balantzean baino bi gutxiago), eta zainketa intentsiboetako unitateetan 73 gaixo daude covid-19arekin (lau gutxiago).
Hildako bat eta 155 positibo berri Nafarroan
Bestalde, Nafarroan hautemandako koronabirus kasuek gora egin dute azkenengo orduetan. Covid-19ak jotako 155 kutsatu atzeman dituzte, eta 89 urteko hildako bat. Aurreko egunean baino 18 positibo gehiago dira; ostegunean 137 kasu baieztatu zituzten, eta hildako bi.
Horrela, azken asteko beheranzko joera eten da behin-behinean: ostegunean 137 kasu baieztatu zituzten, 147 asteazkenean, 152 asteartean eta 151 astelehenean. Hala ere, azken 14 egunetako intzidentzia metatuak beheranzko joerari eutsi dio, eta 100.000 biztanleko 388 kasutan kokatu da ostiralean, Osasun Ministerioaren arabera.
Atzoko egunean zehar, 7 lagun ospitaleratu zituzten, horietako 4 ZIUn. Dagoeneko 1.213 hildako utzi ditu pandemiak Foru Erkidegoan.