Gizartea -

Feminismoa

"Hedabideek indarkeria matxistari eta matxismoari buruzko kontaketa kritikoa egiteko erantzukizuna dute"

Irantzu Varela kazetariak komunikabideetan ikuspuntu feminista falta dela aipatu du, Rocio Carrascoren dokumentala abiapuntu hartuta; eta gabezia horrek indarkeria matxistari buruzko gizartearen pertzepzioan eragina duela adierazi du.

Irantzu Varela. Argazkia: Essel Fotografia
Irantzu Varela
Irantzu Varela. Argazkia: Essel Fotografia

Berezi Fernandez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zerk bultzatzen du biktima erasotzailea salatzera? Hedabideek indarkeria matxistari buruz egiten duten kontaketak nolako arrastoa uzten du gizartean? Etenik ez duten erasoek agerian utzi dute ez dagoela biktimen profil zehatzik. Aldiz, bi adierazle komun agertu dira aurten Hego Euskal Herrian salaketa jarri duten 1.592 emakumeen kasuan: gizon baten bortizkeria sufritu dute eta salaketa jarri dute epaitegian.

Polizia-etxe eta epaitegietara jotzeko aukeraz gain, biktimek artatze-zerbitzuak ere eskura dituzte, gaian adituak diren profesionalekin hitz egiteko modu seguruan, konfidentzialean eta arrastorik utzi gabe. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, 900 840 111 telefonora jo dezakete, eta etxeko indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako informazio- eta arreta zerbitzuarekin (SATEVI) harremanetan jarri.

Zerbitzu honek egindako azken txostenaren arabera, 2021eko bigarren hiruhilekoan nabarmen ugaritu dira deiak, 838ra iristeraino. Martxoan izan zen igoerarik handiena: 238 dei jaso zituzten, otsailean baino 68 gehiago.

Laguntza eskatzeko urrats hori hamaika motibok eragindakoa izan liteke, baina SATEVIko profesionalek bat aipatu dute: Telecinco kateak emititu duen Rocío, contar la verdad para seguir viva dokumentala. Lehen atala eskaini zuten astean, aurreko astean baino 32 dei gehiago jaso zituzten (46tik 78ra igo ziren).

Eusko Jaurlaritzako zerbitzuko langileek azaldu dutenez, Rocio Carrascori egindako elkarrizketa-sorta prime time ordutegian eskaintzeak "eragin eztabaidaezina izan du gizartea indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzeko".

Espazio feministetako adituak ere bat datoz saioak eskaintzen duen testigantzak aparteko balioa duela esatean; tartean, Faktoria Lilako Irantzu Varela kazetaria. "Rocio Carrasco fenomenoa"z galdetuta, bi ezaugarri azpimarratu ditu Varelak: dokumentala gizartea harkor dagoen unean emititu da —mugimendu feministaren urteetako borrokaren emaitza—, eta kazetari feminista batek zuzendu du. Faktoria Lilako ordezkariak bereziki azpimarratu du azken puntu hori: "Oso garrantzitsua da horrelako kontakizunak hedabide jeneralisten ordutegi nagusian ematea, baina betiere ikuspuntu feministatik ".

Komunikabideak, ikuspegi feminista eta kontaketaren eraikuntza

SATEVIren azken txostenak erakutsi duenez, hedabideek indarkeria matxistari ematen dioten tratamenduak eta egiten duten kontakizunak eragin zuzena du biktimen laguntza eskaeretan. Horregatik, Varelaren aburuz, nahitaezkoa da tratu txarrak jasan dituen emakumea erruduna ez dela eta biktima dela garbi uzten duten kontakizunei ahotsa ematea.

Kazetariak azaldu duenez, aipatutako programak eta Netflixen Nevenka dokumentalak kontzientziak astintzeko norabide egokia hartu dute: "Indarkeria matxista ez da gerra bat: bortxa da eta norabide bakarrekoa". 

Eta hori izan beharko litzateke, Varelaren hitzetan, komunikabide guztiek urratu beharko luketen bidea: "Ordua da askoz ere planteamendu ausartagoa egiteko gai horiei buruz hitz egitean, ikuspegi feministatik abiatuta. Indarkeria matxistari buruz hitz egitean, hitz egin dezagun adituekin". Horrez gain, hedabideetako profesionalek kazetaritza feministan prestakuntza izan beharko luketela azpimarratu du.

Elkarrizketatuak "kazetaritzari lotutako ideia faltsu bat" ere aipatu du, berrikusi beharko litzatekeena: "beste bertsioa" entzutea. Azaldu duenez, "indarkeria matxistaren testigantza bat dagoenean eta diskurtso feministak gertatutakoari izena jarri dionean, ez da beharrezkoa beste bertsioa entzutea. Ez dago beste bertsiorik. Beste hori matxismoa da, bortxa; eta hori da desmuntatu behar den bertsioa".

Hedabideena da, beraz, indarkeria matxistaren eta matxismoaren inguruko "kontaketa kritikoa" egiteko erantzukizuna. Horrenbestez, emakumeek tratu iraingarriak jasaten dituzten espazioak errotik desagerrarazteko, parekotasunik eza "egoera normaltzat" jotzen duten narratibak eraikitzeari utzi behar zaiola uste du.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Kazetaritza