Gizartea -

Sexu erasoa

19 urteko espetxealdia, Iruñean bikote bati sexu erasoa egiteagatik

Guztira, 19 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote akusatuari, eta horrez gain 18.000 euroko indemnizazioa ordaindu beharko dio neskari eta 12.000 eurokoa mutilari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Probintzia Auzitegiko 2 zenbakiko Epaitegiak 19 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, 2010eko sanferminetan 20 urteko neska gazte bati eta haren bikotekideari erasotzea egotzita.

Hain zuzen ere, S.A.A. Higuera de Vargasen (Badajoz) jaio baina Gasteizen bizi den 51 urteko akusatuak 10 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra jaso du neska bortxatzeagatik. Horrez gain, haren bikotekideari sexu erasoa egiteagatik lau urteko zigorra ezarri diote, eta beste 5 urte larderiaz lapurreta egiteagatik.

Epaian azaltzen denez, 2010eko uztailaren 10ean, 00:10 aldera, akusatua Gaztelugibeleko lubakietan zegoen bikoteari hurbildu eta sua eskatu zien. Horiek erretzen ez zutela eta surik ez zutela erantzun zioten, eta, une horretan, 20 zentimetroko aiztoa erakutsi, belarretara botatzeko agindu eta zeukaten dirua ematera behartu zituen.

30.000 euro kalte-ordainetan

Jarraian, inguruko leku batera joatera behartu zituen, mutilaren esku eta hankak sanferminetako zapi batez lotu eta gero. Behin lotuta, neska biluzarazi eta mutil lagunari eta berari ukituak eta felazioak egitera behartu zuen.

Guztira, 19 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote akusatuari, eta horrez gain 18.000 euroko indemnizazioa ordaindu beharko dio neskari eta 12.000 euro mutilari.

Oraindik ere, akusatuak badauka Auzitegi Gorenaren aurrean errekurtsoa jartzeko aukera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea