Gizartea -

Koronabirusa

LABIk onartutako neurri berriak gaur sartu dira indarrean

LABIk onartutako neurri berriak asteazken honetan sartu dira indarrean. Kontsultatu hemen zerrenda osoa.

Musukoa nahitaezkoa izango da segurtasun-distantzia mantentzea ezinezkoa denean.
Musukoa nahitaezkoa izango da segurtasun-distantzia mantentzea ezinezkoa denean.
Musukoa nahitaezkoa izango da segurtasun-distantzia mantentzea ezinezkoa denean.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LABI instituzionalak pandemiari aurre egiteko astelehenean onartu zituen neurri berriak asteazken honetan sartu dira indarrean, gauerdian. Hauek dira neurri horiek:

Harreman sozialak

Dekretu berriaren arabera, jarduera guztietan baimendutako gehienezko edukiera % 60koa izango da lokal eta instalazioetan, muga berezi bat duten kasuetan izan ezik.

Oro har, edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan ezarriko da gehienez ere 600 pertsona bildu ahako direla barnealdean eta 800 pertsona kanpoaldean.

- 600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan: gehienez ere 800 pertsona bildu ahalko dira barnealdean eta 1.200 kanpoaldean.- 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan: gehienezko edukiera ezingo da % 30etik gorakoa izan, eta prebentzio-neurri orokorrak bete beharko dira.

Komertzioak eta ostalaritza

Lokalak ixteko muga-ordutegia bere horretan utzi du LABIk; beraz, 01:00a izango da merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak (beranduenez) amaitzeko ordua, baita III. eta IV. taldeetan sailkatutako gazte-lokalen eta gaueko aisialdiko establezimenduak ixtekoa ere.

Horrekin batera, ostalaritza-establezimendu eta jatetxeetan, edukieraren % 50 ezarri dute barrualderako. Barnealdean zein terrazan, gehienez ere zortzi lagun bil daitezke mahai bakoitzean edo mahai talde bakoitzean, bizikideak ez badira.

Azkenik, barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eusten zaio, barruan zein kanpoan. Arau berberak aplikatuko zaizkie joko-lokalei eta txokoei edo elkarte gastronomikoei.

Musukoak

Dekretu berriak zuzendu egiten du hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan eta ibilaldietan maskarak erabiltzeari buruzko atala. Asteazkenetik aurrera, nahitaezkoa izango da musukoa erabiltzea, pertsonen arteko gutxieneko distantzia etengabe gorde ezin bada.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Bilbo Donostia Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa LABI