Gizartea -

koronabirusa

Behera egin du EAEn paziente kritikoen eta gela arruntetan ospitaleratutakoen kopuruak

Intzidentzia-tasa metatuak eta R0 indizeak ere behera egin dute. Hala ere, azken 24 orduetan, positibo berri gehiago izan dira, 349.

Donostia Ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE.
Donostia Ospitalea
Donostia Ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusagatik gela arruntetan ospitaleratutako gaixoen kopurua 200 lagunetik jaitsi da astelehen honetan Euskadin, uztailaren 24tik lehen aldiz. Une honetan, gela arruntetan 196 gaixo daude, eta ZIUetan 72, igandean baino bi gutxiago. Gainera, 31 gaixo berri ospitaleratu dituzte, bezperan baino lau gehiago; beraz, Euskadin, guztira, 268 pertsona daude ospitaleratuta.

Azken 24 orduetan 6.570 test diagnostiko egin dituzte, bezperan baino ia bi aldiz gehiago, eta 349 positibo berri atzeman dituzte, igandean baino 53 kasu gehiago, Osasun Sailak astearte honetan jakitera eman dituen datuen arabera.

Kutsatze tasa puntu bat baino gehiago jaitsi da egun bakar batean, % 5,3ra arte, bosgarren olatua hasi zenetik lehen aldiz.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 35 kasu (bederatzi gutxiago) atzeman dituzte Araban, 206 Bizkaian (57 gehiago), 105 Gipuzkoan (zazpi gehiago) eta hiru Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, Euskadik bosgarren olatua menderatzea lortu du, baina egungo egoera hobea izan arren, "errealismo, konpromiso eta erantzukizun jarrera bera mantendu behar dugu birusari borroka irabazi ahal izateko".

Birusaren intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan; izan ere, 100.000 biztanleko 327 kasu daude 14 egunetan, aurreko egunean baino 13 puntu gutxiago.

Gipuzkoak du intzidentzia-tasa metatuaren daturik onena, eta eremu horian dagoen bakarra da, 295 kasukoa baita; aurreko egunean, berriz, 306koa zen. Bizkaiak eta Arabak, biak eremu laranjan, 330 (341 egun bat lehenago) eta 337 (357 aurreko egunean) kasu dituzte, hurrenez hurren.

Hiriburuei dagokienez, Bilbok eremu horira jauzi egin du, eta transmisio "altuko" agertokia utzi du, 297,28 kasurekin. Donostia ere eremu horian dago, 267,01 kasurekin. Gasteizek, ordea, eremu laranjan jarraitzen du, 364,79rekin.

Positiboen beherakada progresibo hori udalerrietan ere islatzen da. Araban ez dago udalerririk gune gorrian, Bizkaian bederatzi dira, atzo baino bat gutxiago, eta Gipuzkoan sei, bat gutxiago.

Oinarrizko birsorkuntza-tasa, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen du, 0,85era jaitsi da (-0,01). Hiru lurraldeetan mantendu da birusaren birsorkuntza-tasa: 0,77 Araban, 0,85 Bizkaian eta 0,91 Gipuzkoan.

Intzidentzia-tasen ehunekoak ere behera egin du (-0,01), 0,77raino. Aitzitik, kasuen trazabilitatea (% 37,1) azken orduetan apur bat okerrera egin duen adierazle bakarra da.

Hala, pandemiaren bilakaerari buruzko datuen arabera, kutsadura-kurbak behera egin du, eta horrek, txertaketarekin batera, bihartik aurrera egungo murrizketak leuntzera eta jarduera mota guztietan edukiera handiagoa izatera eraman du Eusko Jaurlaritza.

Bost hildako erresidentziatan

Bestalde, bost adineko hil dira azken orduetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar-etxeetan covid-19aren ondorioz.

Bizkaiko egoitzetan bi heriotza izan dira eta, Foru Aldundiak zehaztu duenez, biak txertatuta zeuden, baina osasun arazo larriak zituzten aurretik.

Horrez gain, 69 egoiliar daude kutsatuta, eta horietako sei ospitalean daude. Kasu positiboak ondoko erresidentziatan antzeman dituzte: Loiuko Gurenan (22), Amorebieta-Etxanoko Oruen (20), Galdakaoko Virgen de la Vegan (14), Santa Bárbaran(3) eta Elexalden (1), Dimako Piedadeondon (1), Bilboko Txurdinagabarrin (1) eta Barakaldoko Miranda Fundazioan (1).

Halaber, beste bi adineko hil dira azken astean Arabako egoitzetan eta, guztira, 17 pertsona daude kutsatuta.

Azken heriotzak Burguko eta Bernedoko egoitzetan izan dira.

Bestalde, Gipuzkoako egoitzetan 15 adineko daude kutsatuta eta egoiliar bat hil da Irungo Ama Xantalen erresidentzian, Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak