Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Gipuzkoa eta Bilbo eremu horira igaro dira
Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herritan ere egoerak hobera egin du. Hala, Gueñes, Ondarroa eta Lezo gune laranjara igaro dira, gorria atzean utzita.
A. S. | EITB Media
Gipuzkoa eta Bilbo eremu laranjatik horira igaro dira azken orduetan covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera. Gainera, Gueñes eta Ondarroa, Bizkaian, eta Lezo, Gipuzkoan, gune gorritik irten dira.
Atzo 349 positibo berri atzeman zituzten EAEn, eta behera egin du paziente kritikoen eta gela arruntetan ospitaleratutakoen kopuruak.
Arabak (337 kasu 100.000 biztanleko), Gasteizek eta Amurriok laranjari eutsi diote eta, bera, Agurainek eta Laudiok, berriz, horiari. Ez dago, hortaz, udalerririk ez eremu gorrian ezta berdean ere.
Bizkaiak (330 kasu 100.000 biztanleko) laranjari eutsi dio eta bederatzi udalerrik jarraitzen dute eremu gorrian: Berango, Bermeo, Getxo, Gernika-Lumo, Gorliz, Leioa, Lekeitio, Sopela eta, gaurtik, baita Zallak ere.
Santurtzik eta Sestaok eremu gorria atzean utzi dute eta zerrenda laranjan ageri dira Abanto, Barakaldo, Bilbo, Erandio, Galdakao, Mungia, Muskiz eta Zornotzarekin batera. Balmaseda, berriz, egoerak okerrera egin du eta horitik laranjara igaro da.
Laranjaz daudenak honako hauek dira: Balmaseda, Galdakao, Mungia, Muskiz, Santurtzi eta Sestao. Gueñes eta Ondarroa gehitu zaizkie azken orduetan, egoerak hobera egin ostean.
Horian, bestalde, Abadiño, Abanto Arrigorriaga, Basauri, Basauri, Durango, Elorrio, Erandio, Ermua, Etxebarri, Markina-Xemein, Ortuella, Portugalete eta Trapaga; gaurtik baita Barakaldo, Bilbao eta Zornotza ere.
Ez dago herri bakar bat ere berdean.
Gipuzkoa (306 kasu 100.000 biztanleko) eremu horira pasa da azken orduetan. Gainera, Lezok gune gorria atzean utzi du, eta hortaz sei dira eremu latzenean dauden herriak: Deba, Elgoibar, Lazkao, Mutriku, Oiartzun eta Usurbil.
Laranjaz margotuta ageri dira Aretxabaleta, Andoain, Eibar, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Pasaia eta Urnieta. Gaurtik baita Bergara ere, horitik etorri dena.
Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Donostia, Errenteria, Hernani, Oñati, Ordizia, Orio, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga hori margotuta ageri dira. Pasaian eta Hondarribian ere egoerak hobera egin du eta zerrenda horira igaro dira.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.