Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Mobilizazio jendetsuak egin dituzte Getxon, neska gazte batek Plentzian jasandako sexu-erasoa gaitzesteko
Erakundeek eta mugimendu feministak deituta, ehunka lagun atera dira kalera Plentziako sexu-erasoa salatzeko eta biktimari, 17 urteko getxotarrari, babesa adierazteko.
EITB MEDIA
Mobilizazio jendetsuak egin dituzte Getxon, asteburuan Plentzian 17 urteko getxoztar bati egindako sexu-erasoa gaitzesteko. Guztira hiru protesta izan dira. Udalak deituta, elkarretaratze isila egin dute eguerdian udaletxearen aurrean eta beste bilkura bat egin dute 19:30ean Telletxe kaleko puntu lilan. Orduerdi geroago, 20:00etan, kale horretatik abiatu da mugimendu feministak antolatutako manifestazioa.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Amaia Agirre Getxoko alkatearekin eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearekin batera parte hartu du goizeko protestan, eta, adierazi duenez, "emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarteak jarrera aktiboa eta herritar guztien inplikazioa behar ditu".
Landaidak bere gaitzespena agertu zuen astelehenean Plentzian deitutako ekitaldian. Gaurkoan berretsi egin du "beharrezkoa" dela "gizarte osoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde mugitzea, horrelako ekintzak saihesteko", eta aspaldiko aldarri bat gogorarazi du: "EZ beti da EZ".
Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, adierazpen instituzional baten bidez, "bere gaitzespenik irmoena" agertu, eta "genero desberdintasunean oinarritutako jarrera matxista guztiak" gaitzetsi ditu. Halaber, elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari, eta babesa eskaini dio.
Bien bitartean, Ertzaintzak ikerketa zabalik du, baina oraindik ez dute inor atxilotu.