Gizartea -

Koronabirusa

Pertsona bat hil da azken orduetan Nafarroan eta 101 kasu atzeman dituzte

79 urteko emakume bat hil zen atzo eta kutsatzeak jaitsi egin dira, bezperan baino 38 positibo gutxiago zenbatu baitira. Bost pertsona ospitaleratu dituzte.

FOREMeko txertatze-gunea. Argazkia: EiTB
FOREMeko txertatze-gunea. Argazkia: EiTB
FOREMeko txertatze-gunea. Argazkia: EiTB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan behera egin dute kasuek azken egunean, eta 101 kasutara iritsi dira, Foru Gobernuak jakitera eman dituen datuen arabera. Bezperan, 139 kasu hauteman ziren, horietatik 37, Erriberako sasoikako langileen artean hautemandako agerraldi batekin lotutakoak.

Atzokoan 1.372 proba egin ziren eta horietatik % 7,4k emaitza positiboa eman zuten. 

Auzoz auzo eta udalerrika, Tutera Mendebaldea da kutsatutakoen zerrendaren buru gaur, 15 kasurekin; ondoren, Iruñeko Arrotxapea (8) eta II. Zabalgunea (6) daude. Burlatan, Mendabian eta Iruñeko Alde Zaharrean bost kasu erregistratu dira.

Atzo izandako positiboek duela astebetekoak gainditu dituzte, 92 kasu zenbatu baitzituzten orduan; hala ere, duela bi asteko 147 kasuen azpitik jarraitzen dute.

Erietxetako azken datuen arabera, beste 5 pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Guztira, 76 pertsona daude ospitalean, eta horietatik, 25 ZIUn. Halaber, covid-19agatik pertsona bat hil da azken orduetan; beraz, Nafarroan, 1.229 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz.

Txertaketari dagokionez, 5.628 dosi eman zituzten asteazkenean; beraz, Nafarroan 928.820 dosi eman dituzte guztira eta 475.481 lagunek dute jarraibidea osatuta. 

Agerraldia sasoikako langileen artean

Nafarroako hegoaldeko sasoikako langileen artean izandako agerraldi batek 37 positibo utzi ditu aste honetan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

37 kasu horiek 85 pertsonaren artean egindako baheketa batean atzeman dituzte, Javier Remirez Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, eta agerraldi honi egotzi dio astearteko datuetan izandako gorakada, 139ra iritsi baitziren kutsatzeak, aurreko egunetako zifrak bikoiztuz.

Erriberako sasoikako langileen lan-eremu bateko agerraldiaren berri izan ostean egindako jarraipen- eta trazabilitate-lanari esker, kasu horiek detektatu ahal izan dira, eta Remirezen arabera, "puntuala" da egoera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Altsasu Sendagaiak Txertoak Barañain Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Nafarroako Osasun Zerbitzua