Gizartea -

Arrotxapeako gaztetxea

Behin-behinean aske dira Arrotxapeako gaztetxearen hustean atxilotutako gazteak

Epaile aurretik pasa dira goizean eta aske utzi ditu hark, behin-behinean. Atzo atxilotutakoak aske uzteko eta gaztetxearen hustea salatzeko mobilizatzera deitu dute. Manifestazioa iragarri dute irailaren 11rako.

Atzo arratsaldean Arrotxapean egindako bilkura jendetsua. Argazkia: EiTB Media
Atzo arratsaldean Arrotxapean egindako bilkura jendetsua.
Irailaren 11rako manifestazioa deitu dute Arrotxapean, gaztetxearen eraistea salatzeko

3:49

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Arrotxapeko gaztetxearen hustearen bueltan izandako istiluetan atxilotutako sei lagunak behin-behinean aske geratu dira. Polizia Nazionalaren komisaldegian pasa ondoren, epailearen aurrean deklaratu dute goizean eta aske utzi ditu hark, behin-behinean. 

Iruñeko guardiako epaileak, Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiko titularrak, behin-behinean aske utzi ditu atzo atxilotutako sei lagunak, kautelazko neurririk gabe.

Auzi judizialaren arabera, desordena publikoa, lesioak eta agentearen aurkako atentatua egozten dizkiete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.

Hainbat lagun bildu da gaur goizean epaitegi aurrean atxilotuei babesa erakusteko, 10:00etarako deituta zegoen bilkurari erantzunez

Gaztetxeko kideek goizean egin duten prentsaurrekoan iragarri dutenez, manifestazioa izango da irailaren 11an, 18:00etan Maiteminduen parketik abiatuta, atzo izandako "bortizkeri poliziala" eta gaztetxearen utzaraztea salatzeko. 

Azaldu dutenez, "itogarria" izan da astelehenetik auzoan izan den presentzia eta jazarpen poliziala, "24 orduz gaztetxera hurbiltzen zen gazte oro identifikatzen eta isuntzen" aritu da polizia. Horrez gainera, gaztetxearen hustea salatzeko kanpoaldean bilduta zeuden auzokideak eta leku desberdinetatik etorritako kideen kontra Poliziak "bortizki erantzun" izana salatu dute. Esan dutenez, atzoko istiluetan 50 lagun zauritu ziren eta horietako bat ospitalean artatu behar izan zuten, eta atxilotuez gain, 150 pertsona identifikatu dituzte. 

Salatu dutenez, "espazioa hustearen helburu bakarra izan da, espekulazioaren bidez sistema kapitalistari laguntzen jarraitzea da", izan ere, gaztetxea zegoen tokian etxebizitzak egitea da Udalaren proiektua. "Dirua duen horrek aukera du espazio gehiago eskuratzeko eta, diruaren jabetzarik ez dugunok, bertatik kanporatuak gara. Horrela, auzokideon antolaketa eta jarduera politikoa oztopatzen dute", arbuiatu dute. 

Argitu nahi izan dute ez dela kasualitatea "kaltetuak beti berdinak" izatea, "antolatzen garenak, modu kritikoan pentsatzen dugunak, bideagabeak diren egoeren aurrean alatxatzen garenak, alternatibak sortzen ditugunak, modu komunitarioan lan egiten dugunak, azken batean, beste auzo eta bizi batean sinesten dugunak". Horregatik, espazio horiek defendatzeko gero eta eskala handiagoan antolatzeko dei egin dute.

Azpimarratu dutenez, halako espazioak beharrezkoak dira euren jarduerarekin jarraitzeko, "auzotik eta auzoarentzat proiektu komunitarioak sortu ahal izateko, erakundeen logikatik eta kontrolpetik kanpo". Horregatik, auzoak behar duen espazioa lortzeko lanean jarraituko dutela iragarri dute eta "lehenago edo beranduago lortuko" dutela. 

Prentsaurreko hasieran gogoratu dutenez, gaur bost urte beteko zituen zabalik Arrotxapeko gaztetxeak. 

Auzotarren babesa 

Azken orduetan babes ugari jaso du Arrotxapeko gaztetxeak eta gazteek, tartean Arrotxapeko Mendialde Auzo Elkartearena. Auzoko gaztetxearen hustean Udalak izan duen jarrera kritikatu dute ohar batean. "Gure auzoarentzat beharrezko da espazio hori, bizitza, jarduerak, gazteen artean harremanak eta auzoarekin lotura sortzeko baliagarri dela frogatu baitu", esan dute. "Nola liteke auzoan eraikin zahar, zikin eta hutsak egotea baimentzea eta horiek biziberritu eta inguruari bizia emateko ekimenak modu honetan erreprimitzea? Zein aukera ematen die administrazioak gazteei elkarbizitzarako eta bizitza sortzeko?", galdetu dute. 

Horregatik, Antsoainen edo Berriozarren dituzten gisako gazteentzako espazioak eskatu dituzte Arrotxaperako ere. "Gazteen energia aprobetxatu egin behar da, ez erreprimitu", esan dute.  

Utzaraztea eta istiluak

Iruñeako Arrotxapeko gaztetxea atzo hustu zuten, tentsio giro betean. Sei atxilotu, dozenaka zauritu eta, gutxienez, 150 identifikatu utzi zituen goizak, Gaztetxeko kideek emandako datuen arabera. Polizia Nazioanal utzaraztearen kontra protesta egiteko bildutakoen aurka egin zuen. 

Polizia 09:00etan sartu zen eraikinean, barruan inor ez zegoela eta eraikina hutsa zegoela ziurtatzeko. Bitartean, ustez gaztetxearen barruan ezkutatuta zeuden hiru gazteren irudi bat sareetatik zirkulatzen hasi zen.

Goiz erdian, Esku-hartze Berezien ataleko foruzainak iritsi ziren, hormigoizko egitura aurkitzeko eta ustez bertan ezkutatuta zeuden hiru pertsonak egiaztatzeko edo baztertzeko txakur, makina eta tresnekin.

Azkenik, Iruñeko Udaltzaingoak eraikinaren barruan inor ez zegoela eta sareetan zabaldutako irudia "zaharra edo faltsua" zela adierazi zuen, eta ondorioz, eraikina hustea amaitutzat eman zuten.

Jarraian, makinak eraikinean sartu ziren eta eraiste lanei ekin ahal izateko oztopoak kentzen hasi ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Herriak eta Hiriak Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak