Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadin 346 positibo berri atzeman dituzte, 51 gutxiago, eta R0 indizea 0,80ra jaitsi da

Intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du, baina ospitaleko presioak ez du aldaketa handirik izan: 71 pertsona daude ZIUetan eta 207 gela arruntetan.

Jendea Bilboko kaleetan. Argazkia: EITB Media.
Jendea Bilboko kaleetan
Jendea Bilboko kaleetan. Argazkia: EITB Media.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin 346 positibo berri atzeman dituzte ostegun honetan, aurreko egunean baino 51 gutxiago, baina ospitaleetako presioa ez da asko aldatu. R0 indizeak behera egin du, eta birusaren intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du.

Ostiral honetan pandemiaren bilakaerari buruz eman dituzten datuen arabera, atzo proba gutxiago egin zituzten, 5.668 guztira, eta positibotasun tasa % 6,7tik % 6,1era jaitsi da.

Positibo berrietatik 37 Araban detektatu dituzte, 191 Bizkaian, 112 Gipuzkoan eta sei Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 286,54 kasukoa da, aurreko egunean baino 12 puntu txkiagoa, eta hiru lurraldeetan egin du behera: 267an dago Araban, 275 Gipuzkoan eta 287 Bizkaian.

Hiriburuetako datuei dagokienez, Gasteizek eremu laranja utzi du eta horira igaro da, intzidentzia metatua 291,8 kasukoa baita bertan; Bilbon 254,2 kasuko da, eta Donostian, berriz, 243,4koa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 11 udalerri (Bizkaiko 6 eta Gipuzkoako 5) daude oraindik gorriz, 400 kasutik gorako intzidentzia baitute.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke: Orio, eremu berdera bueltatu den lehen udalerria

40 pertsona ospitaleratu dituzte ostegunean, asteazkenean baino hiru gehiago, eta 71 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino bi gutxiago, eta 207 pertsona daude gela arruntetan, aurreko egunean baino 9 gehiago. Guztira, 278 gaixo daude EAEko ospitaleetan, bezperan baino zazpi gehiago.

Birusaren birsorkuntza tasa, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten duena, bi ehunen jaitsi da, 0,80raino. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, R0 indizea 0,75era jaitsi da Araban, eta 0,81era Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen du) 0,76koa da.

Txertaketari dagokionez, EAEko 12 urtetik gorako 1.609.474 herritarrek osatu dute jada covid-19 gaitzaren aurkako txertaketa jarraibidea, horretarako beharrezko dosiak jasota; hau da, populazio talde horretakoen % 81,3k. Gainera, % 87,8k gutxienez dosi bat jaso du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan jakinarazi duenez.

Hain zuzen, Euskadiko osasun agintaritzak 3.431.760 txerto dosi jaso ditu kanpaina hasi zenetik (Pfizerren 2.406.510, Modernaren 470.200, AstraZenecaren 444.200 eta Janssenen 110.850), eta 3.141.569 eman ditu; hau da, jasotakoen % 91,5. Emandako txerto guztietatik 1.404.101 bigarren dosiak izan dira, eta 205.373 dosi bakarrekoak. Beraz, orotara, EAEko 12 urtetik gorako 1.609.474 herritarrek osatu dute pauta osoa orain arte; hau da, talde horretako herritarren % 81,3k.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak