Gizartea -
38 urte zituen
Frantziako Pirinioetan hil den mendizalea agurtu dute Soraluzen
Larunbatean istripua izan zuen, eskia egiten zegoela. Helikopteroan eraman zuten eta ospitalera koman iritsi zen. Osasun zentroan bertan hil zen.
Erredakzioa
Larunbatean, Pirinioetako Soum de Léviste mendia igotzen ari zirela, istripua izan zuten 3 mendizale euskaldunek, 2.400 metrora.
Pierrefitte-sur-Seineko goi-mendiko erreskate-taldeak abisua jaso zuen larunbat arratsaldeko 14:00ak aldera. Larrialdi taldeak haiengana iristea lortu zuenean, Soraluzeko 38 urteko gizonezkoa koma egoeran aurkitu zuten.
Biktima, Iñaki Ruiz Arana, oso kirolzalea zen eta mendizalea batik bat, 38 urte zituen eta Soraluzeko eta Otxandioko beste bi lagunekin asteburu pasa joan zen.
Helikopteroz Tarbeko ospitalera eraman zuten, baina medikuek ez zuten suspertzea lortu, eta bertan hil zen mendizalea.
Erreskate taldearen lehen informazioen arabera, hildakoa 200-300 metrotik erori zen izoztutako gune batean. Ikerketak irekita jarraitzen du eta nola eta zergatik erori zen aztertzen ari dira.
Ezbeharra gertatu eta berehala deitu zuten larrialdi zerbitzuetara biktimaren lagunek, baita inguruan zeuden beste mendizale batzuk ere, baina biktimak kolpe asko zituen eta Tarbeko ospitalera zihoala hil zen.
Zortzietakoak kirol elkarteko kide zen Iñaki eta bertako bazkide batek Radio Euskadin kontatu du istripua zorte txarraren eraginez gertatu zela. "Esperientzia eta eskarmentu handia zuen, asko entrenatzen zuen eta inolaz ere, ez zen arduragabe bat", adierazi du.
Soraluzen, hileta egin dute arratsaldean, Iñaki Ruiz Arana, Pirinioetan hil den mendizalea agurtzeko. Gorpua bihar iritsiko da, eta herriko plazan, omenaldia egingo diote.