Gizartea -
Euskadi
Udako trafiko operazioan sei pertsona hil dira, iaz baino lau gutxiago
Istripu gutxiago (2020an baino % 7,7 gutxiago) gertatu dira eta pilaketak ere murriztu dira, batez ere nazioarteko trafikoa gutxitu delako.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak martxan jarritako udako irteera-itzulera operazio berezia bukatu da, sei heriotza (2020an baino lau gutxiago) eta istripu gutxiago (iaz baino % 7,7 gutxiago) zenbatuta, Sonia Diaz de Corcuera Trafiko zuzendariak emandako datuen arabera.
Pandemiaren eraginez, bigarren urtez jarraian, bertan behera geratu da Gibraltarko itsasartea igarotzeko operazioa (udan eta Gabonetan jarri ohi da martxan Afrikatik datozen ibilgailu kopuru handia antolatzeko), eta, ondorioz, nazioarteko trafikoak nabarmen egin du behera. Hala, pilaketa gutxiago izan dira, baina barne trafikoa apur bat hazi da, iazkoarekin alderatuta. Oraindik iraileko datuak falta badira ere, 29.776.103 joan-etorri egin dira aurtengo udan Euskadiko errepideetan, iaz baino % 3,23 gehiago (28.843.338 egin ziren 2020an) baina 2019an baino zertxobait gutxiago (30.411.474).
Guztira, sei pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) errepideetan uztailean eta abuztuan: bi Gipuzkoan, bi Araban eta bi Bizkaian. Hildakoetako bat motor-gidari bat zen, eta gainerakoak, auto edo bestelako ibilgailuen gidari edo bidaiariak.
Ertzaintzak erregistratutako datuen arabera, aurtengo udan istripuen kopurua % 7,7 murriztu da Euskadin. Guztira 1.121 istripu izan dira: 410 Gipuzkoan, 462 Bizkaian eta 249 Araban.
Sonia Diaz de Corcuera Trafiko zuzendariak 2021 honetan trafiko istripuan hildakoen kopuruaren berri ere eman du. Jakinarazi duenez, zortzi hilabeteotan 36 pertsona hil dira, 2020ko epe berean baino bost gehiago (iazkoan, baina, mugikortasun muga handiak izan ziren). 36 horietatik bost hirigunean zendu ziren, eta ia erdiak talde zaurgarrietako kideak ziren: txirrindulari bat, 13 motozale eta oinezko bat.
Era berean, irailaren 2an izandako lau heriotzak deitoratu ditu Diaz de Corcuerak. "Egun bakarrean lau pertsona hil ziren, nik behintzat ez dut halakorik gogoan", azpimarratu du.
Nazioarteko trafikoak behera, baina barrukoak, gora
Ibilgailuen joan-etorri gehienak EAE barruan edota Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira joateko izan dira, baita inguruko autonomia erkidegoetara mugitzeko ere; Errioxara, Kantabriara eta Burgosera joateko, gehienbat.
Zirkulazioa arina izan da orokorrean, eta ilarak batez ere A-8an sortu dira, Kantabriarako noranzkoan, eta kamioiak pilatu izanaren ondorioz, une puntualetan, Frantziako Estatuko mugan.
Hain zuzen ere, A-8ko zirkulazioa zertxobait arindu ahal izateko, istripuren bat gertatuz gero, garabi bat egon da Barakaldo eta Kantabriako muga bitartean jaiegunetan eta ibilgailu gehien ibiltzen den asteburuetan. Denera, 13 erreskate egin ditu (10 matxuragatik eta hiru istripuagatik).
Irteera operazioa arintasunez egin zen, oro har. Trafiko Zuzendaritzaren arabera, aipatzekoak dira uztailaren 9an, 16an eta 17an A-8an, Muskiz eta Barakaldo artean eta Kantabriako noranzkoan, izandako 15 kilometro arteko pilaketak. Halaber, ilarak sortu ziren (zortzi kilometro ingurukoak) uztailaren 14an mugan, AP-8an eta Frantziarako noranzkoan, kamioientzat ezarritako murrizketen ondorioz. Araban uztailaren 4a izan zen egunik zailena, Errioxatik sartutako ibilgailuek zortzi kilometro arteko ilarak sortu baitzituzten N-124an, Gasteizerako noranzkoan, Armiñonen.
Itzulera operazioari dagokionez, oso mailakatua izan da eta ez da aparteko arazorik sortu. Pilaketa handienak (bederatzi bat kilometrokoak) abuztuaren 26an eta 27an sortu ziren AP-8an, Frantziako mugan. Aipatzeko modukoak dira, bestalde, abuztuaren 27an Araban izandako zortzi kilometroko ilarak, A-1 eta N-622 errepideak lotzen diren lekuan, Irunerako noranzkoan, kamioi baten matxuraren ondorioz.