Gizartea -
Cinetube auzia
Edukiak jaisteko webguneetara estekak egitea legezkoa da
Arabako Lurralde Auzitegiaren arabera, Cinetube webgunearen jarduera legezkoa da, "edukirik biltzen ez duelako eta beste orri batzuetara estekak egitea mugatzen delako".
Erredakzioa
Edukiak jaisteko edo 'streaming'-ak ikusteko webguneetara estekak egitea ez da delitua. Hala uste du Arabako Lurralde Auzitegiak eta Cinetube auzia ixteko erabakia hartu du.
Zenbait ekoizlek Cinetube webgunea ixtea eskatu zuten duela hiru urte, zinema estrainaldiak ikustea ahalbidetuta, autoreen eskubideak urratzen zituela argudiatuta. Cinetube pelikulak 'on-line' eta dohainik ikustea ahalbidetzen duen Espainiako webgunerik garrantzitsuenetakoa da.
Arabako Lurralde Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Cinetuberen jarduera ez da legearen aurkakoa, "bere webean edukirik biltzen ez duelako eta beste orri batzuetara estekak egiten mugatzen delako".
Era berean, Cinetuberen jarduera Informazio Gizartearen Zerbitzu Legeak babesten duela azpimarratzen du.
Epaia irmoa da eta, ondorioz, ez dute helegiterik onartuko. Prozesu judizialak iraun duen hiru urteotan Cinetube webgunea irekita egon da.