Gizartea -
Barakaldo
Gurutzetako Ospitaleko larrialdi-zerbitzuen 'kolapsoa' salatu dute
SATSE erizainen sindikatuak azaldu duenez, "korridorean" daude gaixo asko "ospitalearen egiturazko arazoa dela eta".
Erredakzioa
SATSE erizainen sindikatuak salatu du Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuak "kolapsatuta" daudela eta "gainezka" egin dutela.
Agiri batean azaldu duenez, ospitaleko langileek, "erizainek bereziki", bizi duten "kaos" egoera "ez da aldi batekoa". SATSErentzat "onartezina" da egoera eta "ospitalearen egiturazko arazoa" da.
SATSEk jakitera eman duenez, atzo 08:30ean "45 gaixo zeuden larrialdi zerbitzuetan zain, eta bost gaixo korridorean". "Egoera horrek ez du gaixoak merezi duen arreta eskaintzeko aukera ematen eta bere intimitate eta konfidentzialtasun eskubidea urratzen du", ohartarazi du sindikatuak.
Erizainek salatu dute "presio psikologiko handia" dutela "lan-baldintza horiengatik" eta horrek "arriskua handitzen" duela "bai langileentzat bai gaixoentzat".
Hori dela eta, SATSEk "antolakuntza eta koordinazio mailan" neurriak hartzeko exijitu dio ospitalearen zuzendaritzari.