Gizartea -

Homofobia

Pintada homofoboak, matxistak eta Francoren aldekoak agertu dira Lasarte-Oriako institutu batean

Udalak gaitzetsi ditu "irainak, deskalifikazio pertsonalak, gorroto-mezuak eta historia modernoko arorik txarrenetako bati egindako goraipamenak".

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udalerriko Oriarte institutuko patioan agertutako pintaketak gaitzetsi ditu Lasarte-Oriako Udalak adierazpen instituzional batean. Pintada horietan irakur zitezkeen "Viva Franco", "La homosexualidad es una enfermedad" (homosexualitatea gaixotasun bat da) eta "feminazis" gisako mezuak.

Pintadak ostegunean aurkitu zituzten eta institutuko langileek berehala ezabatu zituzten, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.

Udal arduradunek oharrean azpimarratu dutenez, duela urte batzuetatik hona ugaritu egin dira mezu xenofoboak eta sexu-aniztasunaren eta gizonen eta emakumeen berdintasunaren aldeko borrokaren aurkakoak, "ideologia ultraeskuindarra duten alderdiek babesa handitzen duten neurri berean".

Horrez gainera, deitoratu dute "zenbait erakundek" eta "zenbait alderdi politikok" ez dituztela arbuiatzen feminismoaren, LGTBI pertsonen eta emigranteen aurkako gorroto-ekintzak eta –diskurtsoak.

Azkenik, Udalak aldarrikatu du erakunde publikoek berdintasunaren, demokraziaren eta justiziaren defentsan "indarrak batu" egin behar dutela. Ildo horretan, balio horien defentsan lanean jarraituko duela azpimarratu du Lasarte-Oriako Udalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Homofobia Lasarte-Oria Albisteak Frankismoa Matxismoa