Gizartea -

Granada

Aske utzi dute Espainian kartzelan denbora gehien zeraman presoa

Miguel Montes Neirok 36 urte zeramatzan kartzelan intsumisioa, droga-trafikoa, lapurreta eta beste delitu batzuk leporatuta, baina ez zuen odol deliturik. 8 aldiz saiatu zen presondegitik ihes egiten.

Miguel Montes Neiro, aske. Argazkia: EFE
Montes Neiro, Espainian kartzelan denbora gehien zeraman presoa, aske

01:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Montes Neiro 11:30 aldera atera da Granadako Albolote presondegitik, eta dagoeneko ez da Espainian kartzelan denbora gehien daraman preso arrunta kartzelan 36 urte igaro ondoren. Ikusmin handia zegoen kartzelaren atarian eta senide eta lagunek txalo artean hartu dute.

50 kazetari baino gehiago zeuden presoa irteteko zain, astelehenean Malagako Auzitegiak baimena eman ondoren.

Neirok berak atera denean azaldu duenez, bizitzako "lehenengo aukeraren" aurrean dago orain eta ez duela berriro deliturik egingo hitz eman du.

Arreben eta alaben ondoan, emozio handiarekin, honakoa esan du kazetarien begiradapean: "Libre sentitzen naiz. Ez naiz piztia".

Preso ohiak prentsaurrekoa emango du gutxi barru.

Delitu-historial luzea

61 urteko preso ohiak delitu-historial luzea du 1976tik hasita. Orduan, soldaduskari uko egiteagatik atxilotu zuten. Gero, droga-trafikoarekin, lapurretekin, agiri publikoen faltsutzearekin, etab.ekin lotutako delituengatik zigortu zuten.

Zortzi aldiz saiatu zen kartzelatik ihes egiten, azkeneko saiakera 2009an izan zen, ama hil zitzaiolako eman zioten baimen berezian. Hortaz aparte, 1994 eta 1996 artean baldintzapeko askatasunean egon zen.

Neiro ez dute inoiz zigortu odol-delituak direla eta, baina hainbat zigor lotu dizkiote, espetxean ihes egitean edo baimenetan delituak egin zituelako. Adibidez, Kordoban lapurreta egin zuen bitxi-denda batean; Malagan poliziaz mozorrotu zen eta aita bat eta haren alaba atxiki zituen; eta Granadan etxebizitza batean osten saiatu zen, arma faltsu batekin, eta agentez jantzita berriro.

Gaixorik

Espetxean izanda, hainbat abokatu izan ditu, horietako asko ofiziozkoak. Azkena, Feliz Angez Martin Garcia, Gobernuari indultua eskatu diona izan da. Horretarako, arrazoi humanitarioak argudiatu ditu, hepatitisak eta tuberkulosiak jota baitago.

Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuan 2011ko abenduaren 16an erabaki zuen indultatzea. Hain zuzen ere, lau urte eta erdiko bi indultu eman zizkion, 12 urteko espetxe zigor bateratu batean, baina horrek ez zuen bermatu aske geratzea.

PP Gobernuan egonda, beste indultu bat eman zioten, betetzeke zituen 13 urteak kentzeko. Soraya Saenz de Satamaria bozeramaileak urtarrilaren 20an iragarri zuen neurrian, baina otsailaren 8 arte ez zuten publikatu Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE).

Indultuak eskuan, Neiroren sendiak Gabonak etxean pasatu ahal izatea eskatu zuen, baina eskaera errefustu egin zieten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea