Gizartea -

Elkarrizketa

Indurainek neurriak malgutzearen alde egin du: "Aurrerapauso zuhurra da, baina koherentea"

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak herritarren txertaketaren garrantzia azpimarratu du, covid-19ak eragindako heriotzen % 95 eta ZIUetako ospitaleratzeen % 70 baino gehiago saihestu dituelako.

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilaria. Argazkia: EITB MEDIA.
Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilaria. Argazkia: EITB MEDIA.
Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilaria. Argazkia: EITB MEDIA.

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako herritarren % 76 immunizatuta daudela-eta, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak Foru Erkidegoak ostiraletik aurrera hartuko dituen malgutasun neurriak defendatu ditu: "Aurrerapauso zuhurra da, baina koherentea".

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Nafarroa arrisku handiko egoera izatetik ertaina izatera pasatu da, eta, beraz, "koherentziagatik", osasun neurriak malgutu behar direla gaineratu du. Era berean, herritarren txertaketak duen garrantzia azpimarratu du; izan ere, covid-19ak eragindako heriotzen % 95 eta ospitaleratzeen % 70 baino gehiago saihestu dituzte zainketa intentsiboetako unitateetan.

Koronabirus kasuen agerraldi baten aurrean Foru Gobernuak nola jokatuko duen galdetuta, Indurainek esan du "zuhurrak eta zelatariak" izaten jarraituko dutela, eta, beraz, neurriak egoera berrien arabera egokitzen joango direla. Hala ere, horren hitzetan, txertaketa hain aurreratua izanda, intzidentzia ez da horren garrantzitsua izango, eta ospitaleetako presioak markatuko du bidea.

Sailburuak onartu duenez, baliteke seigarren olatu bat edo gehiago egotea, baina zalantzan jarri du orain arteko egoerak errepikatzea. Horren ildotik, birusarekin bizi beharko dugula aurreratu du, "gripea bezalako bestelako arnas birusekin bezala".

Txertaketaren erritmoari dagokionez, Santos Indurainek azpimarratu du 4 pertsonatik 3 immunizatuta daudela, baina adierazi du aurrera egin nahi dutela "txertaketa globala" lortu arte. Horretarako, baina, deitoratu du gaur egun herritarren % 3-4k ez dutela txertoa jaso nahi, eta lanean ari direla sektore jakin batzuek txertoari zergatik uko egiten dioten jakiteko. Hori dela eta, besteak beste, 12 urtetik gorako pertsona orok txertatzeko "erraztasun guztiak" eskaintzen hasi dira; besteak beste, hitzordua eskatu gabe txertoa hartzeko aukera azpimarratu du.

Baikortasuna

Santos Indurainen ustez, ezinbestekoa izango da birusarekin bizitzea, eta "denbora luzez" izango dela iragarri du. Hala ere, baikor agertu da eta pandemiaren aurreko alderdi asko berreskuratzen ari direla esan du. Ildo horretan, Gabonak familian ospatu ahal izango direla aurreratu du, baina 2022an San Fermin jaiez gozatu ahal izango den ala ez zalantzan jarri du: "Etorkizunean ikusiko dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iruñea Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Nafarroako Parlamentua Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea