Publizitatea
Itxi

2021/09/14

13:03

Gizartea

KORONABIRUSA

218 positibo berri atzeman dituzte EAEn eta ZIUetako oheen okupazioa 54ra jaitsi da

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

R0 indizea 0,81etik 0,84ra igo da, eta intzidentzia metatua 166 kasura jaitsi da. Ospitaleratze berriak 31 izan dira eta 166ra jaitsi dira, lau gutxiago, gela arruntetako gaixoak.

  • Txertaketa gazteen artean

    Txertaketa gazteen artean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Covid-19aren 218 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan EAEn, aurreko egunean 119 izan ondoren, baina ZIUetan egoerak hobera egin du, 54 gaixo baitaude orain.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, astelehenean 6.289 proba diagnostiko egin zituzten, igandean baino gehiago (3.668). Horrela, positiboen tasa % 3,2tik % 3,5era igo da.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 100 positibo berri atzeman dituzte Bizkaian (igandean baino 39 gehiago), 89 Gipuzkoan (bezperan baino 49 gehiago) eta 21 Araban (bezperan baino 4 gehiago). Horiez gain, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi direnen artean 8 pertsona kutsatu dira.

Intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du, eta astelehen honetan 100.000 biztanleko 14 eguneko tasa 166,39 kasukoa izan da (5,96 txikiagoa). Datu hori hobetu egin da hiru lurraldeetan: Araban 140 kasu erregistratu dituzte, Bizkaian 163 eta Gipuzkoan 171.

Bilakaera ona hiru hiriburuetan ere egiaztatu da; izan ere, intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du: 156 Gasteizen, 154 Bilbon eta 144 Donostian.

5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Laudio (Araba) eta Ortuella (Bizkaia) daude gune berdean, hau da, 60 kasutik beherako intzidentzia-tasa metatua dute.

Eremu gorrian, 400 kasu baino gehiagorekin, Lekeitio (Bizkaia) baino ez dago, eta 954,7ko intzidentzia du.

Ospitaleetako presioa arindu egin da azken orduetan. Zainketa intentsiboetako unitatean 57tik 54ra jaitsi da gaixoen kopurua, eta gela arruntetan zeuden gaixoen kopurua 170etik 166ra jaitsi da. Astelehen honetan koronabirusa duten 31 gaixo gehiago zenbatu dituzte, aurreko egunean baino 5 gehiago.

Nahiz eta pandemiaren beheranzko joera izan, oinarrizko birsorkuntza zenbakia (gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du) hazi egin da berriro: ostiralean 0,78an zegoen, larunbatean 0,80an, igandean 0,81ean eta atzo 0,84an.

Adierazle hori batez bestekoaren azpitik dago Araban (0,82) eta Bizkaian (0,83); Gipuzkoan, berriz, gora egin du (0,87).

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen du) ere 0,68tik 0,69ra igo da.

Bestalde, kutsatuen kopuruak behera egiten jarraitzen du Nafarroan, heriotza berri baten berri eman badute ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;