Gizartea -

Koronabirusa

16 eta 29 urte bitartekoen txertaketa % 85era iristen denean irekiko dituzte gazteen lokalak

Osasun Sailaren azken datuen arabera, 20-29 urte bitarko taldearen % 66,8k eta 16-19 urteko adin-tartearen % 68,5ek jaso dituzte bi dosiak.

Gazteen lonja bat. EITB Mediako artxiboko irudia.
Gazteen lonja bat
Gazte lokalak 2020ko uztailean itxi behar izan zituzten pandemiaren ondorioz

1:16

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazteen lonjak eta lokalak 16 eta 29 urte bitartekoen txertaketa % 85eko pauta osoa gainditzen duenean ireki ahal izango dira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren azken datuen arabera, 20 eta 29 urte bitartekoen % 75ek jaso dute lehen dosi bat, eta 16 eta 19 urte bitartekoen % 81,5ek.

Bestalde, 20-29 urte bitarko taldearen % 66,8k eta 16-19 urteko adin-tartearen % 68,5ek jaso dituzte bi dosiak.

Kirola egiteari dagokionez, barruko instalazioetan gehienez 16 pertsonako taldeak egon daitezke. Aldagelen erabilera % 50ean egongo da, dutxa indibidualak erabili ahal izango dira edo bi metroko distantzia mantenduko da.

Halaber, museoetara, erakusketa-aretoetara, jolas-zentroetara eta turismo-zentroetara joaten diren taldeen bisiten gehieneko kopurua 20 lagunera arte handituko da.

Aurrez aurreko lana 

LABIren Aholku Batzordeak administrazio publikoek eta enpresek erabaki ahal izango dutela aurrez aurreko jardunera itzultzea xedatu du, urrutiko lanari edo telelanari buruzko araudiak arautzen ez dituen lanpostu guztietan.

Kontuan hartu beharko dira lan-eremu bakoitzaren tipologia eta baldintza bereziak, eta oinarrizko prebentzio-neurriak mantendu beharko dira, maskararen erabilera eta aireztapena, besteak beste.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aisia Txertoak Koronabirusa Gazteak