Gizartea -

ERUPZIO BOLKANIKOA

Sumendiaren erupzioak eragindako ebakuazioak 5.000 pertsonari baino gehiagori eragin die La Palman

15:10 aldera "eztanda bat entzun da eta kea eta laba ikusten hasi gara" kontatu dute lekukoek. Sumendia indartsu ari da laba botatzen. Erupzioa zuzenean ikus daiteke, streaming bidez, eitb.eus-en.

Sua etxe baten inguruan. RTVCren bideo batetik ateratako irudian.
Sua etxe baten inguruan. RTVCren bideo batetik ateratako irudian.
La Palmako Cumbre Vieja sumendia erupzioan sartu da

1:19

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Seismologian "multzo sismiko" gisa definitzen den fenomenoa hasi eta zortzi egunera, 25.000 lurrikararen ostean, 15:10 aldera (Kanarietako ordua) esnatu egin da Cumbre Vieja sumendia, Kanarietako La Palma irlan, El Paso udalerrian, La Palmako Kabildoak jakitera eman duenez.

Irailaren 11n hasi ziren lurrikarak 20 kilometroko sakoneran baina pixkanaka, lurrazaleraino igo dira. Sumendien arriskuarengatik ezartzen den eskalan, semaforo horian zegoen astelehenetik uhartea.

15:10ean sumendia lehen laba eta errautsak botatzen hasi da 400 metroko altueratik, urrundik ikusteko moduan, eta berehala indarra hartzen hasi da isurketa. Beste hainbat pitzadura ireki dira eta une honetan zazpi zulotatik ari da laba botatzen, indar handiz.

BIDEOA: La Palmako bizilagunak

Sumenditik gertu dauden herrietan oso gertutik bizi izan dute erupzioa
Sumenditik gertu dauden herrietan oso gertutik bizi izan dute erupzioa
Sumenditik gertu dauden herrietan oso gertutik bizi izan dute erupzioa

1:25

Inguru horretan ez da inor bizi, baina, "badaezpada", mugikortasun murriztua duten 50 pertsona ebakuatuko dituzte El Paso, Los Llanos de Aridane, Villa de Mazo eta Fuencaliente herrietatik. Behin laba mendian behera abiatu denean, El Paso herriko Paraiso auzoa hustu dute eta Montaña Rajada asentamenduko 300 lagun ere etxeetatik atera dituzte. Alkateak esan duenez, laba jaisten joan ahala ikusiko dute ze norabide hartzen duen baina denbora emango omen die jendea etxeetatik ateratzeko. Arriskua herriguneetara zein errepideetara irits zitekeela eta, ebakuazioak gertuko bost udalerrietako 5.000 pertsonari baino gehiagori eragin die dagoeneko.

Egoera horren aurrean, Kanarietako Gobernuak Larrialdietarako Unitate Militarraren esku-hartzea eskatu du.

Etxe bat suak harrapatuta. RTVCren bideo batetik ateratako irudia

Uharteko hainbat errepide itxi dituzte. Espainiako aire bidezko nabigaziorako kudeatzaileak La Palmara hegaldirik ez bideratzeko eskatu badu ere hasieran, une honetan irekita dago aireportua. Hala ere, errautsei so adi dira agintariak, aire bidezko garraioa oztopatu baitezakete.

Laba errekak El Pasoko mendi magalean behera isurtzen ari dira, eta ibilbide erdian 0,7 km/h abiadura dute.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Kanariar Uharteetara iritsi da iluntzean, eta atzeratu egin du AEBra egitekoa zuen bidaia, Nazio Batuen Erakundeak New Yorken duen Batzar Nagusira joateko.

BIDEOA: Erupzioaren hasiera

La Palmako erupzio bolkanikoaren irudi ikusgarriak
La Palmako erupzio bolkanikoaren irudi ikusgarriak
La Palmako erupzio bolkanikoaren irudi ikusgarriak

2:01
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Ingurumena Kanariak Sumendiak Zer gertatzen ari da Cumbre Viejan?