Gizartea -

Sumendiaren erupzioa

Laba "errukirik gabe" etxeak suntsitzen ari da La Palman

Sumendiaren erupzioak 5.000 pertsona ebakuatzea eragin du, eta labak ehunka etxebizitza suntsitu ditu. Hala ere, Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu du herritarren segurtasuna "bermatuta" dagoela.

Labak aurrez aurre topatu dituen etxeak suntsitu ditu. Argazkia: Agentziak.
Labak aurrez aurre topatu dituen etxeak suntsitu ditu. Argazkia: Agentziak.
Oraingoz, 100 etxebizitza suntsituta ditu La Palmako erupzioak

1:18

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Palmako El Paso udalerrian igande honetan hasi den sumendiaren erupzioak ez du biktimarik eragin, baina kalteak eragin ditu ehunka etxebizitzatan, Mariano Hernandez Zapata Kabildoko presidenteak iragarri duenez; hala ere, aitortu du kezkatuta dagoela labaren koladek kostalderantz eginda kalte material gehiago eragin ditzaketelako.

Ildo horretan, Lorena Hernandez Los Llanos de Aridaneko (La Palma) Segurtasun zinegotziak fenomeno natural horren ikusgarritasuna onartu du, baina horren atzean guztia galdu duten pertsonen "istorio asko" daudela azaldu du, baita horien bizibidea ere; izan ere, horren arabera, labako mihia "nahiko handia eta altua da", eta, ondorioz, "etxeak suntsitzen ari da errukirik gabe".

Herritarren segurtasuna, "bermatuta"

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, bere aldetik, igande honetan La Palman adierazi duenez, pertsona guztien segurtasuna "bermatuta" dago, eta sumendiak eragindako kalte materialak lehenbailehen konponduko dituztela iragarri du.

Angel Victor Torres Kanarietako Gobernuko eta Mariano Hernandez Zapata La Palmako Kabildoko presidenteak ondoan zituela, Sanchezek esan du pertsonen segurtasuna bermatzeko behar diren tresna eta langile guztiak prest dituztela.

Bestalde, Angel Victor Torresek azaldu duenez, dagoeneko 5.000 pertsona ebakuatu dituzte, eta ez dute aurreikusten ebakuazio gehiagorik egitea.

Kanarietako presidentearen hitzetan, "zorionez" erupzioa jenderik ez zegoen gune batean gertatu da, eta ez da aurreikusten erupzio-puntu gehiagorik izatea, baina baliteke pitzaduraren bat egotea.

Krisi horretan hiru administrazioen arteko lankidetza goraipatu du Pedro Sanchezek, baita "herritarrei aurrea hartzeko eta informazio publikoa emateko ariketa" ere, duela zortzi egun sumendiaren balizko erupzioa aurreikusten zuten mugimendu sismikoak ugaritzen hasi zirenetik.

Guardia Zibila, Espainiako Polizia Nazionala, basozaintzako suhiltzaileak eta Larrialdietako Unitate Militarra erupzioaren ondorioz sor daitekeen edozein suteri aurre egiteko zain daude, presidentearen arabera, eta azpimarratu egin du Gurutze Gorriak bere etxeetatik ebakuatutako herritarrak (5.000 inguru, uharteko biztanleen % 6) artatzeko egindako lana.

Erupzioek asteak iraun ditzakete

Sumendiaren erupzioak "aste batzuk edo hilabete gutxi batzuk" iraun dezake, Nemedio Perez Kanarietako Bulkanologia Institutuko zuzendariak azaldu duenez.

Iraupena, sumendiaren "gordailuan" metatu den magma kopuruaren araberakoa izango da. "Hiru edo bost kilometroko sakoneran egon daitekeen poltsa 20 edo 30 kilometroko sakoneran dagoen beste poltsa batekin lotuta dago, eta, beraz, sakonera handienean dagoenaren atzeraelikadurak erupzioa luzatzea eragin dezake", azaldu du.

Halaber, gertaera horren amaiera iragartzeko, erregistratzen diren sufre dioxido isuriak aztertu behar direla adierazi du. "Lehen egunean 6.000 eta 9.000 tona artean kalkulatu ditugu, arrazoizko kopuru bat, handiagoak ikusi ditugu, eta beheranzko joera hasten denean esan ahalko dugu erupzioa amaitzen ari dela; 48 ordu sufre dioxidorik isuri gabe igarotzen direnean, amaitutzat eman dezakegu", adierazi du Perezek.

Laba koladak El Paso udalerriko magaletatik aurrera doaz, orduko 700 metroko abiaduran. Horren ildotik, Perezek esan du horien ibilbideak aurreikus daitezkeela eta, horregatik, ez luketela "giza bizitzaren galerarik" eragin behar, baina "mugitzen ez den guztia" suntsituko dutela onartu du.

Halaber, ez du uste erupzioak La Palmako orografia aldatuko duenik. "Uharteak milaka erupzio bolkaniko izan ditu, hemen gehituko dena da geruza pixka bat gehiago, hau da, koladak itsasora iristen badira, uhartea metro koadro batzuk gehiago zabal daiteke".

Uharteko aire-trafikoa, zabalik

Kanarietako aire-trafikoa normaltasunez ari da lanean. AENAren arabera, goizeko lehen orduan atzerapenen bat baino ez da izan Gomerako uhartearekin dituzten konexioetan, eta lau hegaldik atzerapenak izan dituzte, baina egoerak normaltasuna berreskuratu du jada.

Gainera, Enaire, Espainiako aire-nabigazioaren kudeatzailea, gertutik jarraitzen ari da sumendiaren erupzioaren bilakaera, eta aktibo mantentzen du errauts bolkanikoen aurrean abiatu ohi duen jarduera-protokoloa, Eurocontrolekin koordinatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kanariak Sumendiak Hondamendi naturalen biktimak La Palma sumendia gaur