Itxi

2021/09/22

19:26

Gizartea

Larrialdi klimatikoa

Kutsadurak eragindako heriotzak murrizteko, airearen kalitateari buruzko gomendioak zorroztu ditu MOEk

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Urtero zazpi milioi pertsona hiltzen dira munduan kutsaduragatik. Munduko Osasun Erakundeak bere gomendioak jarraitzeko deia egin du, osasuna bermatzeko eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko.

  • Lantegietako tximiniak kea botatzen. Artxiboko argazkia: EFE

    Lantegietako tximiniak kea botatzen. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Munduko Osasun Erakundeak airearen kalitateari buruzko gomendioak eguneratu ditu, kutsadurak eragindako heriotzak murrizte aldera. Urtean zazpi milioi pertsona hiltzen dira munduan poluziogatik. Orain arte indarrean izan dituen gomendioak 2005koak dira eta osasuna bermatzeko nahikoa zirela suposatzen zen.  

Gida berrian aire-kutsatzaile larrienak (suspentsioko partikulak, ozonoa, nitrogeno dioxidoa, sufre dioxidoa eta karbono monoxidoa) aipatzen dira eta ia guztietan maila maximoak jaistea erabaki du.  

Gizakiarentzat aire-kutsatzailerik arriskutsuena suspentsioko partikulak dira. Bada, 2,5 mikra baino gutxiagoko diametroa duten suspentsioko partikulen kasuan, egunean metro kubiko bakoitzeko gehienez 25 mikrogramo pilatzea gomendatzen zuen, eta orain muga 15 mikrogramotan ezarri du.

Adibide bat: Pekin da munduko hiririk kutsatuenetako bat. Goizero 550 mikrogramo baino gehiago neurtzen ditu metro kubikoko, eta egunik okerrenetan 1.000 mikrogramotik gora pilatu ditu.

10 mikrarainoko diametroa duten partikulen kasuan, metro kubikoko muga 45 mikrogramotan ezarri du. Orain arte 50etik ez pasatzea aholkatzen zuen.

Partikula horiek erregai fosilak erabiltzeagatik sortzen dira eta biriketan nahiz odolean sar daitezke. Horregatik dira hain arriskutsuak osasunarentzat.

Munduko Osasun Erakundearen arabera, kutsatutako airea arnasteagatik ematen diren heriotzen % 90 saihestea posible izango litzateke, bere gomendioak jarraituz gero. Herritarren osasuna bermatzeaz gain, larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurriak direla azpimarratu du.

Alabaina, aholkuak dira eta herrialdeak ez daude derrigortuta irizpide horiek betetzera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;